Torturaren Aurkako Eguna da otsailaren 13a. 1981eko otsailaren 13a gogoratzeko eta ordukoa berriro gerta ez dadin aldarrikatzeko eguna. Egun hartan hil zen Joxe Arregi zizurkildarra, Carabanchelgo espetxeko ospitalean, Guardia Zibilak inkomunikazio egoeran atxilotuta edukitako bederatzi egunetan jasan zituen torturen eraginez. «Oso latza izan da», esan zuen hil aurretik.
Datorren asteko igandean 30 urte beteko dira egun hartatik, baina tortura ez dela amaitu ohartarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Arregiz gain, beste hamabi euskal herritar hil dira torturaren eraginez. Euskal Memoria fundazioak jasotako datuen arabera, azken 50 urteetan 10.000 euskal herritar baino gehiago torturatu dituzte.
Eta gaur egun ere torturatu egiten dela salatu du AAMk. Joan den urtarrilean bertan, aztnugal idatzi zuen Patxi Arratibelek Guardia Zibilaren eskuetan zela egindako deklarazioan; laguntza eskatu zuen, hitza alderantziz idatzita. Iaz, 63 euskal herritarrek salatu zuten torturatu egin zituztela. «Hau da, lau egunetik behin pertsona bat inkomunikatu eta torturatu dute polizia etxeetan», azaldu dute Ane Ituiño TATekoak eta Roberto Noval AAMkoak. Euskal herritarren aurkako tortura «sistematikoa» dela ondorioztatu dute. Espainiako Gobernu guztiek erabili dutela, «Francorekin hasi eta Zapateroraino».
Egun, «Euskal Herrian aro politiko berri bat hasteko eginahalean» ari denean, Espainiako Gobernuak tortura «bide hori oztopatzeko arma» gisa erabiltzen duela uste du AAMk. Horren erakusletzat jarri du «ezker abertzaleak konponbide elkarrizketatu, justu eta demokratiko bat» lortzeko bidean egindako urrats bakoitzeko atxiloketa kopurua eta torturaren erabilera «areagotu» dutela «polizia indar guztiek». Hortaz, tortura erabiltzea erabaki politikoa dela sinetsita dago.
Erabilera horren aurka, «estatuen bortizkeriaren aurka», herritarren erantzuna «garrantzitsua» izan dela dio AAMk, eta azken hilabeteetan torturaren aurkako ekimen jendetsu ugari egin direla gogoratu du. «Hala ere, argi dago egindakoa ez dela nahikoa izan», ohartarazi du. «Tortura salaketak bata bestearen atzetik datoz».
Mobilizazio ugari
Horiek horrela, torturaren aurkako lana areagotzeko eskatu du. Torturaren Aurkako Egunaren harira hainbat mobilizazio antolatu dituela jakinarazi du, eta horietan parte hartzeko eskatu. Hilaren 13an bertan, igandearekin, Gasteizko Correos plazan eta Iruñeko Gaztelu plazan mobilizazioak egingo dituzte, Torturarik ez! lelopean, 12:00etan. Bilboko Arriaga plazatik, berriz, 12:30ean abiatuko da manifestazio bat. Eta Gipuzkoan, Zizurkilen, Joxe Arregiren herrian, duela 30 urte hildakoa omenduko dute.
Torturaren Aurkako Egunaren harira, beste ekimen ugari ere egingo dituzte. Bilbon, esaterako, Torturaren Aurkako Astea antolatu dute. Elkarretaratzeak egingo dituzte astelehen iluntzean auzoetan, informazioa banatuko dute kalean astearte eta ostegun goizean eta hitzaldia egingo dute asteazkenean 19:00etan La Bolsa auzo etxean. Ostegunean, EITB-ren egoitzaren aurrean, elkarretaratzea egingo dute 11:00etan, telebista eta irrati publikoek tortura ezkutatzen duela salatzeko.
Lau egunean behin euskal herritar bat torturatzen dutela ohartarazi du AAMk
Torturaren aurkako lana areagotzeko eskatu, eta mobilizazioak antolatu ditu 13rako, Torturaren Aurkako Egunerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu