Lau egunetan etenik gabe torturatu dutela salatu du Esnaolak

Aitor Esnaola eta Lander Etxebarria espetxeratzeko agindu du Grande-Marlaska epaileak

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Aitor Esnaolari «etengabe» jarri diote poltsa, «etengabe» galdu du konortea eta «kolpeak» eman dizkiote, guardia zibilek asteartean atxilotu zutenetik atzo arte. Hala jakinarazi zion atzo bere abokatuari, elkarrekin hitz egiteko izan zituzten bi minutu eskasetan, Auzitegi Nazionaleko ziegan. Abokatuari ez ezik, Fernando Grande-Marlaska epaileari ere esan dio guardia zibilek torturatu egin dutela eta bere deklarazioa torturek bultzatuta egin duela.

Lander Etxeberriak, berriz, abokatuari aitortu dio ostegunetik atzo arteko atxiloaldia «oso gogorra» izan dela. Ez dio zehaztasun gehiago eman. «Lur jota» zegoen, abokatuaren esanetan. Baita kezkatuta ere, sinatu duen deklarazioa «asmakeria» delako.

Asteartean Aitor Esnaolaren anaia Igor ere atxilotu zuten, Legorretan (Gipuzkoa), eta hiru egunez eduki zuten inkomunikatuta. Egun «gogorrak» izan direla esan zuen.

Esnaolak eta Etxeberriak atzo deklaratu zuten Grande-Marlaskaren aurrean. Biak espetxeratzeko agindu zuen epaileak, eta Soto del Realgo espetxean daude (Espainia). Esnaolari ETAko kide izatea, armak edukitzea, lehergailuak gordetzea eta atentatuak egiteko informazioa ematea leporatzen dio. Zehazki, Mikel Uribe Ertzaintzako goi karguari eta Lezoko zinegotzi sozialista bati buruzkoa. Uribe 2001eko uztailaren 14an hil zuenETAk, Leaburun (Gipuzkoa).

Etxeberriaren kasua adierazgarria da. Grande-Marlaskak bi garaitan ETAko kidea izatea leporatzen dio: 1998an eta 2010ean. Baina 1998koagatik ezin dute berriro zigortu, jada kartzela zigorra bete baitzuen delitu horregatik, Frantzian, 2001etik 2004ra.

Frogarik ez

Epaileak autoan dio Etxeberriak iazko irailean ETArekin harremanetan jarri zituela Aitor Esnaola eta Andoni Goikoetxea—Guardia Zibila haren bila ari da—. Autoaren arabera, Etxeberriak onartu egin du 1998koa, baina ukatu egin du 2010eko bilera berak hitzartu zuela.

Grande-Marlaskak dio Etxeberriaren kontrako «froga» bakarra Esnaolak Guardia Zibilari egindako aitormena dela. Esnaolak salatu du aitormena torturapean egin duela; epailearentzat, hala ere, «sinesgarritasun objektiboa» eta «egiantzekotasun subjektiboa» ditu, ustez hark esandakoen bitartez topatu dituztelako lehergaia, zuloak... Epaileak, silogismo bat aplikatuz, ondorioztatu du ez dela «logikoa» deklarazioa «okerra izatea bakarrik Etxeberriari dagokion zatian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.