Ana Torres Bilboko 10. Instrukzio Auzitegiko epaileak inputatu ditu poliziak. Epaileak ez du baztertu, ikerketak aurrera egin ahala, inputazio gehiago egiteko aukera.
Athletic eta Shalke 04 taldeen arteko futbol partidaren ostean, leporaino beteta zegoen Bilboko Maria Diaz de Haro kalexkan sartu zen Ertzaintza 2012ko apirilaren 5ean, eta han zegoen jendeari oldartu zitzaion. Ertzainek jaurtitako gomazko pilota batek Cabacasen buruan jo eta larri zauritu zuen. Koman hiru egun eman ondoren, apirilaren 9an zendu zen gaztea Basurtuko Ospitalean.
Kalexkan oldartu ziren hiru ertzain eta tiro egiteko agindu zuzena eman zuen agintaria dira inputatutakoak, El Correo-ren arabera. Laurek deklaratu zuten epailearen aurrean, lekuko gisa. Administrazio lanetan ari dira gaur egun, apirilaren 19an Jaurlaritzak polizia horiek kargugabetu eta gero.
"Istripu bat", Ertzaintzaren arabera
Cabacas hil eta urtebetera, Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariak "istriputzat" jo zuen Iñigo Cabacasen heriotza, eta "sentitzen" duela esan zion familiari. Cabacasen gurasoak aurtengo maiatzean izan ziren Eusko Legebiltzarrean, eta ikerketa batzorde bat eratzeko eskatu zioten parlamentuari, euren semearekin gertatutakoa argitu dadin.
Gazteari tiro egin zion polizia identifikatzea zaila izango zela iragarri zuen EAEko fiskal nagusi Juan Kalparsorok aurtengo abuztuan.
Polizia operazioan parte hartu zuten 40 ertzain eta orduko Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuorde Miguel Buen eta Ertzaintzako zuzendari Juan Antonio Varela inputatzeko eskatu zuen familiaren abokatuak —akusazio partikular gisa ari da—. "Inor inputatzeko eskatzen badugu, oldartzeko agindu zuen Deustuko ertzain etxeko agentea eta operazioa gidatu zutenak inputatzeko soilik eskatuko dugu", argitu zuen Kalparsorok.
Buen dimisioa ematen saiatu zen Cabacas hil ondotik, baina Rodolfo Ares orduko Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ez zion utzi.