Lehena goizaldean atxilotu du Ertzaintzak, emakume bati sexu gehiegikeriak egitea egotzita. Antza denez, emakumea erasotzailearen laguna zen. Ertzaintzak jakinarazi duenez, gertaera atzo arratsaldean izan zen, 19:00ak aldera. 22 urteko emakumea gizonezkoarekin geratu zen, aurretik lagunak ziren eta. Ustezko erasotzailea, 32 urteko R.A.M. kotxez heldu zen berarengana, eta Gobeo herrirako bidea hartu zuen. Zubi baten parera iritsi zirenean kotxeak asfaltatu gabeko bide iluna hartu zuen. Handik gutxira, gizona emakumea ukitzen saiatu zen, azken honen baimenik gabe. Emakumearen ezezkoak jaso arren, gizonezkoak emakumea bortxatu zuen. Erasoaren ostean etxera eraman zuen emakumea. Honek salaketa jarri zuen.
Baina ez zen atzo Gasteizen gertatutako eraso bakarra izan. Udaltzaingoak beste gizonezko bat atxilotu zuen, ustez bikotekide ohia jotzeagatik eta urruntze agindua hausteagatik. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, gertaera Gasteizko Coronacion kalean izan zen. Bertara ailegatu zirenean, gizonezkoa ikusi zuten emakumearen poltsan lurretik jasotzen ari zen hainbat gauza sartzen. Emakumea urrutiago zegoen, eta lepoa erakutsi zien udaltzainei. Ustez gizonak denda batetik tiraka atera eta mehatxu egin zion emakumeari. Gainera, epaileak ezarritako urruntze agindua berriz ere hautsi zuela jakinarazi zien emakumeak udaltzainei.
Beste bi eraso izan dira Gipuzkoan
Araban bi atxilotu eta Gipuzkoan beste bi. Ertzaintzak 37 urteko Urruñako gizonezko bat atxilotu zuen atzo Donostian, emakume bat jotzeagatik. Antza denez, emakumeak harreman bat izan zuen aurretik ustezko erasotzailearekin. Gizonak motorreko kasko batekin buruan jo eta lurretik herrestan eraman zuen emakumea. Erasoa 17:00ak aldera jazo zen Donostiako Herrera auzoko Euskotren konpainiaren geltokian. Ertzainen presentziaz ohartu zenean, gizonezkoa ihes egiten saiatu zen. Hala ere, minutu batzuk pasa eta gero P.M.R atxilotu zuten emakumeen aurkako indarkeria egotzita. Emakumeak ertzainei jakinarazi zienez, gizonak aurretik beste hainbatetan eraso egin dio.
Zumarragan, azkenik, emakumezko gazte bat lepoa estututa itotzen saiatu zen atzo arratsaldean 32 urteko gizonezko bat. Taberna batean gertatu zen erasoa. Neska itotzen saiatzeaz gain, tabernako mahai eta aulkiak txikitu zituen. Ertzaintzak emandako azalpenen arabera, atzo arratsaldeko zazpiak aldera gertatu zen erasoa, Secundino Esnaola kaleko taberna batean. Lekukoen arabera, 32 urteko JD.A.H. metalezko kate handi bat eskutan zuela sartu zen tabernara, eta aulkiak eta mahaiak apurtzen hasi zen.
Iloba duen neska gaztearengana joan, eta lepoa estutzen hasi zitzaion itotzeko asmoz. Hala ere, tabernako jendeak aurre egin zion erasotzaileari, eta neskari min handirik egitea eragotzi zioten. Ertzaintzak abisua jaso eta iritsi zenean, erasotzailea atxikita zeukaten hainbat lagunen artean.
Emakumeen kontrako indarkeria
Lau gizon atxilotu dituzte emakumeen aurkako indarkeria egotzita
Guztira lau gizon atxilotu ditu Ertzaintzak eta guztiei emakumeen aurkako erasoak leporatzen dizkiete. Gasteizen bi gizonezko atxilotu zituzten atzo, sexu gehiegikeriak eta erasoak egotzita. Donostian beste bat, ustez bikotekide ohia jotzeagatik eta azkenik, emakume gazte bat lepoa estututa itotzen saiatzeagatik, 32 urteko beste gizonezko bat Zumarragan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu