Lau gizon atxilotu dituzte genero indarkeria egotzita

Gizon bati ama jotzea leporatu diote; andrazkoak azaldu du semearen tratu txarrak usu jasan dituela

Erredakzioa
Iruñea
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Lau gizonezko atxilotu dituzteaurreko egunetan genero indarkeria leporatuta. Hiru gizon foruzainek atxilotu dituzte, Nafarroan: Noainen, Tuteran eta Erriberan. Aurreko ostiralean izan zen azken atxiloketa hori; amari tratu txarrak ematea leporatuta atxilotu zuten gizona. Gizona atxilotzeko unean andrazkoak aditzera eman zuenez, ohikoak izan dira semeak eman izan dizkion tratu txarrak. Noaingo atxiloketa, berriz, andrazko batek bikotekide ohiak jo egin zuela esplikatu ondoren egin zuten; Tuterako kasuan, berriz, emakumezko batek salatu zuen senarrak jo egin zuela.

Bilbon, herenegun atxilotu zuten gizonezko bat bikotekideari eraso egitea egotzita. Ustez erasoa jasan zuen emakumeak udaltzainei aditzera eman zien lepotik heldu ziola gizonak, bultzatu egin zuela eta astinduaren ondorioz erori egin zela; mesanotxearen kontra kolpea hartu zuen. Basurtuko erietxera eraman behar izan zuten andrea.

Mendoza gogoan

Deisy Mendoza orain aste bi zendu zen, Bilbon, bikotekide ohiak labankatuta. Kasu horren gaineko azalpenak eskatu ditu Bilduk Bilboko Udalean. Izan ere, polemikaren hautsa harrotu du hilketak; genero indarkeriaren biktimei jartzen zaizkien segurtasun neurriak auzitan jarri dituzte hainbat eragilek. Izan ere, kasu honetan urruntze agindua ezarria zuen Mendozaren bikotekide ohiak, baina urratu egin zuen, eta andrazkoak ez zuen inolako zaintzarik. Bilduk Berdintasun alorreko zinegotzi Nekane Alonsoren agerraldia eskatu du, udalak andrea hobeto zaintzeko deus egin ote zezakeen argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.