Emakumeen aurkako indarkeria

Lau gizonezko atxilotu dituzte Araban eta Bizkaian, bikotekideari eraso egin diotelakoan

2010eko ekainaren 11
12:51
Entzun
Lau gizonezko atxilotu ditu Ertzaintzak azken 24 ordutan, bikotekideari eraso egin diotelakoan, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Gaur goizaldean Gasteizen atzeman dute bat, eta gainerako hirurak atzo Bizkaian -Santurtzin, Erandion eta Durangaldean-.

Gasteizen, 26 urteko gizonezkoa atxilotu du Ertzaintzak, emazteari eraso egin diolakoan. Emakumeak berak deitu dio Ertzaintzari erasoa salatzeko, Herrizaingo Sailaren arabera. Senarrak aurpegian kolpatu du eta iletik gogor tira egin dio, emakumearen kontakizunaren arabera. Gizonezkoa iazko irailean ere atxilotu zuen Ertzaintzak, emaztea erasotu zuelakoan.

Santurtzin, atzo arratsaldean gertatu zen erasoa, Ertzaintzaren arabera. Gizonezko batek bikotekideari eraso egin eta dirua eskatu zion, iturri berberak dioenez. Biktimaren alabak hots egin zion Ertzaintzari.

Bizkaiko bigarren atxiloketa Durangaldean gertatu zen -Herrizaingo Sailak ez du zehaztu zein herritan-. Ustezko erasotzailea 53 urteko gizonezkoa da. Ertzaintzak etxean bertan atzeman zuen, eta bikotekidea ospitalean artatu behar izan zuten, Herrizaingo Sailak dioenez.

Azkenik, Erandion atxilotu zuten hirugarrena. 36 urteko gizonezkoari bikotekideari heriotz mehatxuak egin izana leporatu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.