Azkeneko orduetan lau gizonezko atxilotu dituzte Bilbon, ustez euren bikotekideak jo egin dituztelako.
Ertzaintzak 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo arratsaldeko azken orduan Bilbon, emakumeen kontrako indarkeria egotzita. Pistola bat atzeman zioten gizonezkoari, eta arma modu ez-zilegian izatea ere leporatu zioten. Ertzainen arabera, atxilotuak kolpe bat eman zion emaztegaiari pistola baten kulataz, heriotza mehatxuak egin zizkion, deskarga elektriko bat eman zion babesteko bastoi bat erabilita eta etxebizitzan atxiki zuen. Emakumezkoak, hala ere, fatxadan jarrita zegoen aldamio batetik ihes egitea lortu zuen. Biktima alboko pisu batera sartu zen eta, ondoren, Ertzainetxera joan zen gertatutakoa salatzera.
Gertakariak goizeko hamarrak aldera gertatu ziren biktimaren senargaiaren etxean, Bilbo erdialdean.
Atzo gauean 32 urteko beste gizonezko (J.L.E.CH. ) bat ere atzeman zuen Ertzaintzak Bilbon, bikotekidea eta honen seme-alabak jo zituelakoan. Ertzainen arabera, gizonezkoak haiek jotzeaz gain, bederatzi urteko neskatoa kotxez harrapatu zuen. Emakumeak ondoren ertzainei deitu zien, eta gaueko hamabiak aldera atxilotu zuten ustezko erasotzailea.
Bilboko udaltzainek 22 urteko gizonezkoa (R.S.I.) atzeman dute gaur goizeko ordu batak aldera, Elkano kalean, bere neska-laguna (19 urte) ustez jo egin duelako. Neskak ezpaina odoletan zeukan, udaltzainen arabera, eta begi batean kolpea.
Antzeko orduan, 32 urteko gizonezko (J.L.C.) bat ere atxilotu dute Bilboko udaltzainek. Aurrez, 27 urteko emakume bat Otxarkoagako ertzain-etxera joan da, parte sartzera, bere bikotekideak euren hiru seme-alaben aurrean buruan eta gorputz osoan kolpeak eman dizkiola esanda.
Emakumeen kontrako indarkeria
Lau gizonezko atxilotu dituzte Bilbon, bikotekideak jo dituztelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu