Ertzaintzak gizonezko bi atxilotu zituzten atzo arratsaldean Bilbon, euren bikotekide edo bikotekide ohiei eraso egitea leporatuta.
Lehendabiziko kasua arratsaldeko zazpi eta erdietan gertatu zen, Moyua plazako kafetegi batean. Emakume bat bikote-lagunarekin zegoela, haren bikotekide ohia agertu zen eta, hitzik egin gabe, hau emakumearen bikotekideari jotzen hasi zitzaion, Ertzaintzak esan duenez. Erasoa saihesteko asmoz, kolpatuak lokaletik irten zuen, ustezko erasotzailea atzetik zuela, eta, emakumezkoa Ertzaintzari gertakari horien berri ematera zihoanean, honen bikotekide ohia itzuli egin zen, sakeleko telefonoa kendu zion eta lurraren kontra bota eta apurtu egin zion. Irainak eta kolpeak jaso ostean, emakumea kafetegira sartu zen bere burua babesteko, baina mutil-lagun ohia haren atzetik sartu zen, eta hura astintzen eta jotzen jarraitu zuen, kafetegiko bezeroek eta langileek geldiarazi zuten arte. Jarraian, gizonezkoa joan egin zen.
Lokalean zeuden lekuko batzuek azaldu zutenaren arabera, bikotekide ohiak aurretik ere egin zituen antzeko erasoak, baina biktimak ez du inoiz salaketarik jarri. Ertzainak ustezko erasotzailearen bila hasi ziren, eta hau bere kabuz joan zen Bilboko Guardiako Epaitegira. Bertan atxilotu zuten. Atxilotua 24 urteko gizonezkoa da, bilbotarra.
17 urteko beste gizonezko bat ere atxilotu zuten atzo Bilbon, gauez, bikotekideari eraso egitea egotzita. Biktimak gurasoei deitu zien telefonoz, bikotekideak behin eta berriro eraso egiten zionez haren etxetik zihoala esateko (elkarrekin bizi ziren). Ertzainen arabera, oraingoan, emakumezkoa etxebizitzatik alde egiteko asmoz bere gauzak batzen ari zenean jo zuen gizonezkoak, sakeleko telefonoa kendu zion eta leihotik bota zion. Biktimaren gurasoek Ertzaintza ohartarazi zuten eta honek patruila bat bidali zuen bertara. Agenteek atxilotu egin zuten ustezko erasotzailea.
Gasteizen, 32 urteko gizonezkoa -C.C.- atzeman zuen Ertzaintzak atzo gauean, bikotekidea ustez jo egin zuelako. Ertzainek Judizmendi auzora joateko abisua jaso zuten, emakume bat babesleku bila joan zelako taberna batera. Poliziak hara joan zirenean, emakumeak ezkerreko begian eta bekainean kolpe gogorra zuela ikusi zuten.
Biktimaren arabera, bere bikotekideak jo zuen, euren etxebizitzan. Ertzainak etxera joan zirenean, gizonezkoa ez zegoen bertan. Han inguruan atzeman zuten.
Gasteizen bertan 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen larunbatean Udaltzaingoak, neska-lagunari tratu txar fisikoak eta psikikoak eragin dizkiolakoan. Antonio Machado kalean atzeman zuten, arratsaldean.
Emakumeen aurkako indarkeria
Lau gizonezko atxilotu dituzte Bilbon eta Gasteizen, bikotekide edo bikotekide ohiei eraso egitea egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu