genero indarkeria

Lau gizonezko atxilotu dituzte Bizkaian azken orduetan, genero indarkeria leporatuta

Ustezko erasoak Durangon, Barakaldon eta Bilbon izan dira.

2012ko apirilaren 11
14:59
Entzun

Atzotik lau gizonezko atxilotu dituzte Bizkaian, genero indarkeria egotzita. Horietako bi Bilbon atxilotu dituzte eta beste biak Durangon eta Barakaldon.

Atzo goizean gizon bat atzeman zuten Durangoko Parte Zaharreko etxebizitza batean (Bizkaia), haren bikotekidea jo zuelakoan. Ertzaintzaren arabera, ustezko erasotuak zauri bat zuen buruan, eta ubelduak zituen gorputzeko hainbat lekutan. Horien ondorioz, artatu egin behar izan zuten. Ertzainek etxebizitzan atxilotu zuten gizonezkoa; 41 urte ditu.

Atzo, 15:00ak aldera, Bilboko Udaltzaingoak 20 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Bilbon, bikotekide ohiari labana bat sartzen saiatzea eta harekin zihoan gizonezko bat zauritzea leporatuta.

Gorte kalean izan zen ustezko erasoa. Udaltzaingoen arabera, ebakigailu batekin saiatu zen bikotekide ohiari erasotzen, eta harekin zegoen gizonezkoari hainbat zauri eragin zizkion gailu berarekin. Gizonezkoa Basurtuko ospitalera eraman behar izan zuten, ezkerreko eskuan zituen ebakiak sendatzeko.

Atzo arratsaldean Bilboko Atxuri auzoan beste gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak. Emakume batek Ertzaintzari abisatu zion haren aitak ama jo zuela, eta aitak berari ere eraso egin ziola salatu zuen. Ertzaintza etxebizitza bertaratu zenean atzeman zuten 61 urteko gizonezkoa.

Barakaldon goizaldean atxilotu dute gizonezko bat, Regato auzoko etxebizitza batean. Ustez gizonezkoak makil bat erabili du bikotekideari erasotzeko. 35 urte ditu atxilotutako gizonak.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.