Emakumeen kontrako indarkeria

Lau gizonezko atxilotu dituzte ustezko tratu txarrengatik

Euskal Herrian, lau lagun atxilotu dituzte beraien bikotekideei tratu txarrak eman dizkietelakoan. Bi gizonezko Donostian atxilotu dituzte, beste bat Iruñean eta laugarren bat Huarte-Arakilen (Nafarroa). Gipuzkoako kasu bietan bikotekidea jo dutelakoan atxilotu dituzte eta Nafarroako kasu bietan emaztea ustez jo dutelako.

2004ko uztailaren 27a
18:51
Entzun
Euskal Herrian ustezko tratu txarrengatik lau lagun atxilotu dituzte. Atxilotutakoetatik bi Donostian atxilotu ditu Ertzaintzak eta beste biak Nafarroako Foru Poliziak atxilotu ditu, bat Iruñean eta bestea Huarte-Arakilen.

Donostian 29 urteko gazte bat atxilotu du Ertzaintzak, bikotekidea jo duelakoan. Bikotekidea lau hilabete haurdun dago eta Ertzaintzari esan dio egunero haren jipoiak jasaten dituela. Emakumeak Ertzaintzari azaldu dionez, hilabete batzuk daramatza tratu txarrak jasaten baina ez ditu salatu bikotekidearen beldur delako.

Gipuzkoako hiriburuan atxilotutako bigarren gizonak 31 urte ditu. Ertzaintzak gaueko 00:30ak aldera atxilotu du, gizona laban batekin bere bikotekidearen atzetik zebilela. Bi kasu horietan bizilagunek ertzainei dei egin zieten tratu txarrak ikustean.

Beste bi atxiloketak Nafarroan izan dira, bata Iruñean eta bestea Huarte-Arakilen. Iruñean Nafarroako Foru Poliziak 32 urteko gizon bat atxilotu du haren emaztea jo duelakoan. Gizonak beste lau alditan tratu txarrak eman dizkio bere emazteari.

Huarte-Arakilen, berriz, 42 urteko gizon bat atxilotu du Nafarroako Foru Poliziak hark ere emaztea jo duelako ustean. Emazteak salaketa jarri dio gorputzean eman dizkion kolpeengatik. Azken kasu horretan ere, bizilagun batek 112ra deitu zuen tratu txarren berri emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.