Atzo Eguzki talde ekologistak salatu zuen babestutako marrazoak ari direla iristen Ondarroako portura (Bizkaia). Gaur Ertzaintzak jakinarazi du enpresa armadore bateko lau kideri diligentziak zabaldu dizkiela, babestutako marrazo espezieak harrapatu eta legez kanpo saltzeagatik.
Iazko abenduan jaso zuen Ertzaintzak salaketa bat. Haren arabera, Bizkaiko portutik jarduten zuen talde bat marrazoak ehizatu eta haien hegalak legez kanpo saltzen zituen. Salaketaren arabera, ontzi batek baliatzen zuen eskualido mota batzuk harrapatzeko zuen legezko baimena babestutako espezieak harrapatzeko. Jarduera horri finning deitzen diote, hots, marrazoak harrapatu eta hegala moztu ostean berriz ere itsasora botatzea. Kasu gehienetan, animaliak hil egiten dira mozketa horiek jasan eta gero. Izan ere, ito, odolustu edo igeri egin ezinik geratzen dira. Arrantza mota hori guztiz debekatuta dago Europako Batasunean, baina hainbat itsasontzik modu klandestinoan jarraitzen dute egiten, Asiako merkatuan oso harrera ona baitute marrazo-hegalek eta kartilagoek. Haragia jan eta botikak egiten dituzte haiekin.
Ikertzen hasita, Ertzaintza jabetu zen bi ontzik bakarrik zutela Bizkaian eta Gipuzkoan marrazo espezie batzuk (marrazo urdina eta marrazo muturluzea) harrapatzeko baimena. Bi espezie horiek ez daude babestuta, Ertzaintzaren arabera. Apirilean, aipatutako bi ontziak hainbat egun arrantzan jardun ostean, Ondarroara itzuli ziren, eta Ertzaintzak miaketa egin zuen haietan. Ontzietako batean, sardina marrazoa (lamna nasus) espezieko hogei gorpu topatu zituzten sotoan. Espezie hori guztiz babestuta dago, desagertzeko arrisku kritikoan dagoelako, nazioarteko erakundeek aitortu dutenez. Miaketa horretan polizia ere jabetu zen ontziko kapitainak egunkari elektronikoaren datuak faltsutu zituela, sardin marrazoak beharrean, marrazo muturluzeak harrapatzen aritu zirela sinetsarazteko.
Frogak bilduta, lau lagun inputatu zituen Ertzaintzak. Salaketa Gernikako bigarren instrukzio auzitegian ari dira ikertzen orain. Besteak beste, babestutako faunaren aurkako delitu etengabea, legez kanpoko merkaturatzea eta agiriak faltsutzea egotzi diete lau lagunei.