Berantevillako (Araba) Bionor lantegiko lau behargin likido zikinen biltegira erori dira, 12:55ean. Ondorioz, lauetako bat hil egin da, eta beste hirurak zaurituta daude. Zaurituetako bi Miranda de Ebroko (Burgos, Espainia) erietxe batera eraman dituzte, eta hirugarrena, "oso larri", Gasteizko Santiago Ospitalera. Larri zegoela-eta anbulantzia medikalizatu batek artatu du aurrena istripua gertatu den lekuan bertan.
Ezbeharraren nondik norako zehatzak argitzeke daude oraindik baina, lehen azalpenen arabera, litekeena da lehendabizi langileetako bat amiltzea biltegira, eta besteak ari laguntzen ari zirela jaustea. Aurrena erori dena da hildakoa. Suhiltzaileek atera dituzte beharginak biltegitik. Hau handitzeko lanetan ari ziren beharginak.
Erregaien hondakinak birziklatu eta biodiesela ekoizten dute Bionorren. 2003ko maiatzean ekin zion lanari. Enpresaren kapitalaren laurden bat Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Nekazaritza Sailarena da; beste guztia, arloko bi enpresen esku dago.
LAB sindikatuaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan hildako 83.a da gaurkoa. Iaz 129 hil ziren horrela, LABek dioenez.
Lan istripua
Lau langilek istripua izan dute Berantevillako Bionor enpresan, eta bat hil egin da
Beste hirurak erietxeetara eraman dituzte, eta bat "oso larri" dago. Likido zikinen biltegi batera erori dira. Biodiesela ekoizten dute lantegi horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu