Presoak

Laudelino Iglesias barakaldoarra kalean da ia 24 urte espetxean egin ondoren

1980ko urrian sartu zuten espetxean Barakaldoko (Bizkaia) Laudelino Iglesias, eta harrezkero, atzo arratsaldean libre utzi zuten arten kartzelan eduki dute, ia 24 urtez. Gainera, 15 urte "preso sozial gatazkatsuei" ezartzen dieten FIES erregimen berezian egon da, hau da, espetxeko arautegi gogorrenaren menpe. Iglesias berak behin baino gehiagotan salatu duenez, kartzelako tratu umiliagarrien aurkaegin duelako eta bere "ideia libertarioak" defenditu dituelako jaso ditu hainbesteko zigorrak.

2004ko abuztuaren 10a
11:51
Entzun
Azkenaldian, Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak) zeukaten, eta handik atera zen atzo. Gara egunkariak plazaratu duenez, CGT sindikatuko eta Al Margen Ateneo Libertarioko kideak zituen zain.

Iglesiasek berak 2000ko apirilean Barakaldoko Amaitu Plataformari bidalitako eskutitzean azaltzen zuenez, 14 urterekin sartu zuten aurreneko aldiz preso. "Laudelino Iglesias Martinez da nire izena, 1961eko abuztuaren 11n jaio nintzen Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo). Hamar senidetatik bigarrena naiz. (...) 14 urterekin bi erreformatoriotan eduki ninduten preso hainbat hilabetez. 16 urterekin Basauriko espetxean sartu ninduten. Askotan atxilotu naute, eta askotan eduki naute kalabozo eta kuarteletan, eta beti tratu txarrak jasan ditut. Lau aldiz sartu naute kartzelan; azkeneko aldiz 10980 urriaren 16an atxilotu ninduten, eta harrezkero espetxean naukate. (...) Gaixotasunak kutsatu dizkidate: hainbat hapatitis dauzkat —baita C mailakoa ere—, harriak behazunean, odol zirkulazio arazoak, giltzurrunak hondatuta, azaleko gaitzak, ikusmen arazoak... Eta psikologikoki eta emozionalki ere kalte handiak eragin dizkidate epetxean hainbeste denboran eduki nautelako eta eman dizkidaten tratu txarrengatik.Gose greba eta itxialdi asko egin behar izan ditut ezarri didaten espetxe erregimen terroristari aurre egiteko", esan zuen, besteak beste, gutun horren bidez.

Hain zuzen ere, FIES gisa sailkatuta, espetxeko araudi zorrotzenaren mende eduki dute Barakaldoko presoa, eta zigorra arintzeko neurriak ukatzeaz gain, areagoatu egin diote espetxealdia, "jarrera txarragatik".

Iglesias beraren iduriko, ordea, "jarrera txar" horren atzean gordetzen dena "kartzelako tratu umiliagarrira" ez makurtzea da, eta, oro har, tratu duinagoa eskatzea. Halaber, bere delitu bakarra pobrea izatea dela esan du behin baino gehiagotan Iglesiasek, eta arazo horrek sortu dizkiola beste guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.