GIZARTEA

Laudioko aita-alaben ustezko hiltzailea espetxeratu dute

Laredoko Instrukzioko 1. Auzitegian deklarazioa hartu diote, eta kartzelatzeko agindu du epaileak. 

Dozenaka lagunek gaitzetsi zituzten hilketak, atzo, udaletxearen aurrean egindako elkarretaratzean. ESTEBAN COBO / EFE
2014ko abuztuaren 19a
15:14
Entzun

Joan den igandean Laredoko Salve hondartzan (Kantabria, Espainia) Mercedes eta Gabino Garcia aita-alabak hiltzeaz akusatuta atxilotutako gizonak 52 urte ditu, eta Bilbokoa da sortzez. Bermerik gabe espetxeratzeko agindu du Laredoko epaileak, deklarazioa hartuta.

Epaileak erabaki du sumarioa sekretupean ez jartzea. Guardia Zibilak egindako ikerketen arabera, hilketek ez dute zerikusirik genero indarkeriarekin. Orain epaileari dagokio ikerketarekin jarraitzea. Lekukoei deklarazioa hartuz hasiko da, berri agentzien arabera.

Guardia Zibilaren hipotesia da gizonezkoak "burutik nahastuta" eraso ziela, labana batekin. Aita-alabak Laudiokoak ziren, Arabakoak, eta oporretan ziren Laredon. Asteazkenean egingo diete hileta, 18:30ean, Laudioko Jehovako Lekukoen egoitzan.

Laredoko Udalak irmoki gaitzetsi ditu hilketak, eta astelehenean ehunka lagunek parte hartu zuten sendiari berotasuna eta elkartasuna adierazteko elkarretaratzean.

Igande arratsaldean gertatu ziren hilketak, Salve hondartzan, jendez gainezka zegoela. 18:30 inguruan, aita-alabak pasieran zebiltzala gerturatu zitzaien erasotzailea, eta motxilatik aizto handi bat atera zuen; lekukoen arabera, hitzik egin gabe eraso zien; lehenik emakumeari, lepoan eta bularrean, eta gero gizonari, alaba defendatzen saiatu baitzen.

Hondartzan zeuden osagile eta erizain batzuek zaurituak artatu zituzten, baina andrazkoa bertan zendu zen; Santanderko erietxera eraman zuten gizona, baina medikuek ezin izan zuten salbatu. Mercedes Garcia Valiñok 42 urte zituen, eta Gabino Garcia Garciak 71. Erretiratuta zegoen Gabino Garcia. Laudion bizi zen, eta Laredon igarotzen zituen udako oporrak, batik bat emaztearekin; andrea etxean zegoen hilketa gertatu zenean. Bi alaba biki eta seme bat zituen bikoteak. Mercedes Garcia, ordea, ez zen Laudion bizi; atzerrira jo zuen ikasketak amaitu ostean, eta hamar urte zeramatzan Suedian.

Erasotzailea hondartzan bertan atxilotu zuten: arma gorde ostean alde egitera zihoala, oporretan zegoen ertzain batek atxiki zuen, eta udaltzainek Laredoko polizia etxera eraman zuten. Tarte batez erietxera ere mugitu behar izan zuten, eskuetan egindako zauriak senda ziezazkioten.

Ustezko hiltzailea Madrilen bizi da lanarengatik —erizaina da—, eta etxebizitza du Laredon. Lekukoek nabarmendu dute "lasai" jardun zuela une oro eta ez zela saiatu poliziei aurre egiten.

Guardia Zibilak hartu du ikerketaren ardura. Atxilotuak biktimei zergatik eraso zien aztertu dute, baina oso nahasia izan da arrazoiari buruzko informazioa. Igandean, hasiera-hasieratik alboratu zuten hilketak genero indarkeriarekin lotuta egotea. Hipotesi hori baztertu duen arren, ez du argitu gizonak hildakoak ezagutzen ote zituen. Beste aukera bati eman diote indarra: gizonak "burutik nahastuta" egin zuela erasoa, eta biktimak zoriz aukeratu zituela. Edonola ere, "zuhurtziaz" jardun beharra nabarmendu dute ikerketako iturriek.

Hiru eguneko dolua

Laredoko Udalak ezohiko elkarretaratzea egin zuen astelehen eguerdian, eta udal taldeek aho batez onartu zuten hilketak gaitzesteko adierazpen instituzionala. Krimena arbuiatzeaz gain, "elkartasuna eta berotasuna" helarazi diote zendutako aita-alaben familiari, "modurik bortitz eta krudelenean kendu baitizkiete bi senideak". Halaber, esker ona adierazi zieten hiltzailea atxikitzea lortu zutenei, baita udaltzain eta guardia zibilei ere, atxilotuaren aurkako erasoak saihestu zituztelako. Hiru eguneko dolua ere ezarri zuen udalak.

Elkarretaratzearen ostean, ehunka lagun bildu ziren udaletxearen aurrean. Bost minutuko kontzentrazio isila egin zuten. "Oraintxe bertan, ez dago azalpen logikorik. Harrituta eta atsekabetuta gaude herritarrak zein bisitariak", esan zuen Angel Vega alkateak.

Laudioko Udalak ere bilera bat egin zuen astelehen goizean, eta gaitzespen mezua igorri zuen. Ordea, mobilizaziorik ez dute antolatu herrian, oraingoz, "ikerketak zer ondorioztatuko zain", Natxo Urkixo alkateak azaldu duenez. Elkartasuna adierazi die senideei, eta errespetua eskatu du haientzat. Bilboko alkate Ibon Aresok ere doluminak eman zizkien: "Lotsagabea da halako zerbait exhibizionismoz egitea, hondartzan, jendetzaren aurrean, umeen bistan...".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.