Laudioko alkate ohiek esan dute erasorik ez zela izan batzarrean

Pablo Gorostiaga eta Juan Karlos Menoyok adierazi dute modu baketsuan egin zela 2003ko protesta

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Hainbat lekukok deklaratu zuten atzo Aiaraldeko hemeretzi herritarren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketako hirugarren saioan. Besteak beste, Pablo Gorostiaga (ezker abertzalea) eta Jon Karla Menoyo (EAJ) Laudioko alkate ohiek deklaratu zuten, Carlos Urkijo PPko zinegotzia izan eta egun Espainiako Gobernuko EAEko ordezkaria denak, eta Laudioko udalbatzarrean izan ziren zenbait ertzainek.

Gorostiagak eta Menoyok ukatu egin zuten 2003ko udalbatzarrean PPko hautetsiei eraso egin zitzaiela. Fiskaltzak egindako galderei erantzunez, Gorostiagak azaldu zuen bilkuran «errespetuz» jokatu zela eta protesta egiten ari zirenak modu «baketsuan» aritu zirela. Menoyok adierazi zuen ez zuela ez oihurik ez erasorik ikusi udalbatzarrean: «Ez nuen ikusi inor arriskuan jartzen zuen erasorik». Horregatik erabaki zuen Ertzaintzari ez deitzea, bere esanetan.

Carlos Urkijok, berriz, bideokonferentziaz deklaratu zuen. Haren arabera, Laudioko udalbatzarra «modu klandestinoan» egin zen, eta bertan bilduta zeuden herritar batzuk «mehatxatzeko eta beldurrarazteko» asmoa zuten. Era berean, protesta egiten ari zirenek jo eta iraindu egin zituztela salatu zuen.

Epaiketak astelehenean jarraituko du, goiz eta arratsaldez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.