Laudoa betetzeko eskatu dio Iñaki Azkunak Veoliari

Bilbobuseko langile batzordeak eta enpresak gaur esango dute proposamena ontzat ematen duten

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Astelehen gauean jaso zuten Veoliak eta Bilbobuseko langile batzordeak Iñaki Eguskizaga bitartekariaren proposamena. Gaur esan behar dute bi aldeek onartzen duten edo ez. Veoliak harrituta jaso zituen laudoak bildutako neurrietako batzuk. Langile batzordeak, ordea, gaur langileekin bildu arte ez duela balorazio publikorik egingo azaldu zion BERRIAri atzo. Udalak, berriz, laudoa betetzeko eskatu die adierazpen instituzional bidez, eta Iñaki Azkunak alkateak Veoliari zuzendu dio bereziki eskaera hori. «Onar dezatela, nahiz eta diru apur bat ordaindu beharko den», dei egin zion atzo enpresako zuzendaritzari, proposamenaren edukia ezagututakoan.

Ibon Areso alkateordeak ezagutarazi zuen Bilboko Udalaren adierazpen instituzionala. Haren esanetan, laudo hori onartuta langileek greba amaigabea berehala bertan behera utziko dute. Hala, «bilbotarrei kalte egiteari uzteko aukera aparta» izango lukete Veoliak eta langileek. Onartu ezean, gatazkak bukaera «latza» izan dezakeela ohartarazi zuen: «Denbora gehiago igaro beharkolitzateke derrigorrean onartu beharreko laudoa etorri arte, eta horrek herritarrek egunero sufritzen duten kaosa areagotuko luke». Haren berbetan, udalak ez du greba arazo ekonomiko gisa ulertzen, «Bilbobusek egunero dituen 85.000 erabiltzaileak babesgabe utzi dituen egoera» modura baizik.

Eguskizagaren proposamenak KPIa gehi %1,5eko soldata igoera jasotzen du. Baita martxoan kobratu behar duten saria 320 eurotan handitzea ere. Bilbobuseko langileek azken urteetan egin dituzten aparteko orduen auzian honako konponbide hau proposatu du: hamabost eguneko oporraldi modura hartu ahal izatea. 700 beharginez osatutako lantaldearen zati batek, gainera, %85eko lanaldi murriztua dauka. Urtarrilaren 1etik aurrera apurka-apurka lanaldi guztiak parekatzen hasteko eskatzen du Eguskizagak bidalitako txostenak.

Udalaren erantzukizuna

Oposizioak ere udalak eta alkateak egindako eskaera berbera egin die gatazkaren parte diren bi aldeei. Txema Oleaga sozialisten bozeramaileak, esaterako, akordioa ahalik eta azkarrena sinatzeko deia egin du. Udalari, berriz, «beste aldera begiratu» izana leporatu dio. «Hasieratik multinazional frantsesaren alde agertu zen Udal Gobernua, eta langileen kontra. Azkenean hirugarren bati eskatu behar izan diote laguntza. Bada udala bitartekari lanak egiten hasteko garaia».

Cristina Ruiz PPren bozeramaileak aurreratu du urrats bat gehiago egin eta gatazka azkar konpondu ezean dimisioak eskatuko dituela. «Herenegun aurrekontuak eztabaidatzeko osoko bilkura izan genuen, eta alkateak ez zion segundo bat bera ere eskaini Bilbon urteko gai politikoa den auzi honi». Veoliak gaur egun duen kudeaketa esleipena berraztertzeko beharra ere iradoki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.