Enrique Maia iruñeko alkateak gaur jakinarazi du uztailaren 6an sanferminetako txupinazoa Gurutze Gorriak botako duela aurten. 1979tik, beraz, laugarren aldiz botako du jaien hasierako suziria hautetsi ez den herritar batek. Hauexek bota dute aurrekoetan: Cesar Palacios Osasunako kapitainak (2000), Fermin Tajadura Portland San Antonioko presidenteak (2001) eta Mari Ganuza erraldoi eta kilikien konpartsako presidenteak (2010).
Aukera hori, ordea, ez da ausazkoa izan; ez da edozein urtetan gertatu. Txupinazoa botatzea ezker abertzaleari zegokion urteetan eman zaie soilik aukera politikari ez direnei. Modu horretan, beste horien lorpenak edo urtemugak baliatuz, udaletxean ordezkaritza politikoa duen talde jakin bat baztertu nahi izan da mundu osoan oihartzuna duen ekitaldi horretatik.
Barcina, lehena
Yolanda Barcinak kendu zion 2000. urtean ezker abertzaleari txupinazoa botatzeko txanda, lehen aldiz; ondorengoetan ere, orain arte, hark egin du. Berez, Iruñeko alkateak zehazten du suziria nork botako duen, baina 1979. urtetik idatzi gabe dagoen arau bati jarraituz, udalean ordezkaritza politikoa duten taldeek egiten dute automatikoki, hauteskundeetan jasotako babesaren arabera, handienetik txikienera, hurrengo hauteskundeak egin arte. Julian Balduz alkate sozialistak ezarri zuen sistema hori, HBren eta EAJren botoekin alkate izendatu berritan.
1999. urtean alkate izendatu ostean, Barcinak berak bota zuen txupinazoa; UPNk irabazi zituen hauteskundeak. 2000. urtean, ordea, txupinazoa botatzea Euskal Herritarrok taldeari zegokion, hura izan zelako hauteskundeetan bigarren indar politikoa. Barcinak, ordea, Osasunako kapitain Cesar Palaciosi eman zion aukera, Iruñeko futbol taldea urte horretan Espainiako Lehen Mailara itzuli zela argudiatuz.
Osasunarena aitzakia izan ez balitz, idatzi gabeko arauari jarraituz, 2001. urtean izango zuten EHko hautetsiek txupinazoa botatzeko aukera. Barcinak, ordea, berriro araua hautsi, eta Fermin Tajadura Portland San Antonioko presidenteari eman zion ardura. Iruñeko eskubaloi taldeak urte horretan Europako Kopa irabazi zuela izan zen aitzakia.
2002an, Jimenezek
Besteen merituak argudiatu arren, garbi zegoen Barcinaren zioa politikoa zela, eta bazterketa horretaz inork zalantzarik bazuen, 2002. urtean guztiak argitu zituen alkateak. Urte horretan, aitzakiarik gabe, udaleko bigarren indar politikoa alboratu eta hirugarrenari eman zion aukera: PSNri. Hain zuzen, Roberto Jimenez sozialisten gaur egungo idazkari nagusiak jaurti zuen txupinazoa.
Ezker abertzalearen ilegalizazioaren ondotik, zenbait urtetan ez zen bazterketarik izan. Urte horietan ez Aralarrek ezta NaBaik ere ez zuten arazorik izan txupinazoa botatzeko; hurrenez hurren, 2006an eta 2008an bota zuten Javier Eskubik eta Uxue Barkosek.
ANVk uko egin zion
2010. urtean, ordea, hautetsi ez zen beste herritar bat izendatu zuen Barcinak, hain zuzen, ANVri zegokion urtean. 2007ko hauteskundeetan laugarren indar politikoa izan zen ANV. Aurrekariak ikusita, ordea, hilabete batzuk lehenago bere txandari uko egin zion talde politiko horrek, eta txupinazoa erraldoi eta kilikien konpartsak botatzea proposatu zuen. Alkateak, beste alderdiek eta konpartsak berak begi onez ikusi zuten proposamena, eta urte horretan Mari Ganuza erraldoi eta kilikien konpartsako presidenteak bota zuen.
Iaz Enrique Maia alkateak ONCE itsuen elkartea saritu nahi izan zuen bere 75. urtemugan, baina kasu horretan PSNk ez zion bere txandari uko egin (hirugarren indar politikoa izan zen 2011ko hauteskundeetan), eta aurrekoetan ez bezala, saritu nahi izan zen erakundeak ez zuen alboratu talde politikoa; bi ordezkari izan ziren udaletxeko balkoian: suziria Eduardo Vall PSNko zinegotziak bota zuten, ondoan, Ana Irene Rodeles ONCEko langilea zuela.