euskara

Laugarren Euskaraz Bizi Eguna ospatu dute, Agoitzen

Euskararen alde egitera bultzatu nahi du EHEk, 'Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi' leloaren bidez. 

2013ko apirilaren 13a
20:02
Entzun

Euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko asmoarekin, laugarren Euskaraz Bizi Eguna antolatu du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Gaur da jaia, Agoitzen, Nafarroan. Eguneroko bizimoduan euskara aukeratuz "burujabe" jokatzeko eskatuko diete euskaldunei, honako lelo honen bitartez: Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!.

Egun osorako egitaraua atondu dute gaurko. Goizean, kalejirak eta gisa horretako ekitaldiak izan dira, eta eguerdian, herri kirol saioa; haurrentzako ekitaldiak ere izan dira goiz-eguerdietan. Bazkaria prestatu dute ondorenerako, eta kantaldia izan da bazkalondoan. Arratsaldean, berriz, Tximeleta taldearen emanaldia izan da. Antolatzaileen arabera, bi mila lagun baino gehiago gerturatu da Agoitzera.

Goizeko festa eta eguerdiko bazkari alaiaren ostean, aldarrikapenaren txanda heldu da arratsalde partean. Herriko kaleetan manifestazioa egin dute, eta ondoren euskaraz bizitzearen aldeko hitzak iritsi dira:

«Euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela erakusteko» eguntzat hartu du Aitziber Ugalde aurkezleak.

Nestor Esteban EHEko bozeramaileak onartu du Euskal Herri euskalduna helburu herri ekimenetik urrats «ugari» eta «sendoak» eman direla: «Egunerokoan, ordea, ez dirudi euskaldun izateaz oso harro gaudenik eta euskaraz bizi nahi dugunik, erdaraz zuzetzen zaizkigunen aurrean espaloitik jaitsi eta erdararen errepidera jauzi egiten dugunero».

Egoera politikoarekin lotuta, honako hausnarketa egin du Estebanek: «Konponbide garaiotan, euskarari herri honen eraikuntza eta askatze prozesuan dagokion lekua izan dezan eragiteko konpromisoa hartu behar dugu, eta euskara, euskalduntasuna, gutxienez abertzaletasunaren pare kokatzeko eragitea dagokigu». EHEko kideak argi du: «Euskal Herrira aldaketa etorriko bada, euskarari eta herri euskaldunari dagokion erdigune politikoa aitortzetik etorriko da. Ezin dugu geroko utzi». Ekitaldian Agoizko EHEko kide Rut Etxartek eta Karrika euskara elkarteko Eva Chapelek parte hartu dute.

Gauean Kezkak eta Leihotikan taldeen kontzertua izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.