Laura Perez parlamentariak berak eman du albistearen berri. Podemos-eko Estatuko Berme Batzordearen erantzuna jaso du, eta alderditik kanporatzeko erabakia berretsi dio. Komunikabideei igorritako oharrean, Perezek "tristeziarik sakonena" azaldu du. "Bihotza eta arima utzi ditugu proiektu kolektibo honen alde, eta gaur bidegabe kaleratu eta laidoztatu gaituzte".
Gazteleraz igorritako oharrean, defentsarako eskubidea urratu dutela salatu du Perezek. "Prozesu osoan nire errugabetasuna frogatzera behartu naute, eta nire hasierako argudioak ez dira aintzat hartu". Bere hitza zalantzan jartzea egotzi dio Nafarroako Ahal Dugu-ko zuzendaritzari, eta bertako kideak banan-banan seinalatu ditu.
Bere aurkako "jazarpen politikoa, laido publikoa eta tratu txarrak" salatu ditu, era berean. Kanporatzea etikaren izenean egin dutela esan arren, Perezen aburuz, kontrakoa gertatu da. "Praktika patriarkal eta ierarkiko horiek auzitan jartzea ezinbestekoa da, eta urrats bat aurrera egiten dugun emakumeekin bereziki anker jokatu dute".
Perezen arabera, "Madrildik Nafarroako aldaketa baldintzatzeko asmo argia dago". Dena den Perezek azpimarratu du parlamentari izaten jarraituko duela "aldaketa sendotzeko". 2019tik aurrera aldaketa gehiago sendotzeko borondatea agertu du. "Siglen eta marka hutsalen gainetik, eduki programatikoa eta herriaren agindua errespetatzeko beharra defenditzen jarraituko du", adierazi du.