Asier Lavandera gaztea nahita hiltzea egotzi dio zinpeko epaimahaiak haren hiltzaileari. Akusatuak delitua aitortu izana aringarritzat hartu du epaimahaiak; baina, aldi berean, akusatua ankerkeriaz aritu zela ebatzi du, eta hori astungarri izango da zigorra erabakitzeko orduan.
Zinpeko epaimahaiak egun osoa eman du gogoetan, eta gaueko hamarretan eman du ebazpenaren berri.
Lavandera Lekunberriko Mao Mao dantzalekuan hil zuten, Nafarroan, 2010eko urtarrilaren 16an. Aste honetan egin dute epaiketa. Sergio Fernando R. hilketaz akusatuak lehen egunean onartu zuen berak hil zuela, baina erasoan bestea hasi zitzaiola adierazi zuen. Prest agertu zen zigorra onartzeko.
Akusazioak 25 urteko kartzela zigorra eskatu du hiltzailearentzat; fiskalak hamalau urtetik hemezortzira igo du hasieran egin zuen eskaria.