Lege onurak lortzeko presoei «maximo etikoak» ezartzearen kontra dago ELA

Patxi Uranga presoaren senitartekoek istripua izan dute; aurten presoen senideek izan duten laugarrena da

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Euskal presoei «maximo etikoak» jartzearen kontra dago ELA sindikatua: «Ezin da maximo etikorik, ez alderdi baten programa politikorik ezarri legearen araberako erabakiak hartzeko». Presoak hurbiltzea, haiei hirugarren gradua ezartzea eta baldintzapean aske uztea lirateke erabaki horiek, sindikatu abertzalearen irudiko. «Legezko eta gizabidezko tratua ETA desegiten dela dioen adierazpen batekin lotzea zentzugabea da; baina, gainera, zuzenbidetik at dago», dio. Nolanahi ere, ELArentzat, badago gutxieneko puntu bat ere: «Ezinbestekoa da biolentziari uko egitea. Hori gutxieneko puntu bat da».

Espainiako Gobernuko hainbat kidek azken egunetan egindako adierazpenak salatzeko prentsa ohar bat kaleratu du ELAk. Izan ere, Aieteko Adierazpenaren kontrako norabidean doazela uste du, eta hori onartezina dela dio. Sindikatuak gogora ekarri du Aieteko Adierazpenaren bigarren puntuan gatazkaren ondorioei heltzeko eskatzen zaiela gobernuei, ETAk jarduera armatua amaitutzat eman ostean. Erakunde armatuak erabaki horren berri eman zuenetik lau hilabete pasatu diren arren, ordea, Espainiako Gobernua «era arduragabean» jokatzen ari da, ELAren ustez: «Badirudi ez daukala egoera berri hau kudeatzeko borondaterik».

Preso daudenei buruzko «desinformazioa eta manipulazioa» zabaltzen ari da Espainiako Gobernua, ELAren irudiko. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa eta Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroa ari dira lan horretan, sindikatuaren ustez. Adibidez, bi horiek ETAko presoez hitz egiten dutela salatu du, nahiz eta «jarduera politiko soilagatik» eta ETAko izan gabe ere badagoen jendea preso. Horien artean, LABeko idazkari nagusi ohi Rafa Diez Usabiaga aipatu dute.

EAJk, CiUk, PPk eta PSOEk Espainiako Diputatuen Kongresuan otsailean onartutako adierazpena ere kritikatu du ELAk, Han «legea zorrotz» betetzeko eskatzen zaio PPri; baina, sindikatuaren ustez, lege horiek «hein handi batean indargabetzea» behar-beharrezkoa da.

Istripua, bisitatik bueltan

Etxerat-ek jakinarazi duenez, joan den igandean istripua izan zuten Patxi Uranga presoaren hiru lagunek, Alacanteko espetxean bisita eginda bueltan zetozela. Hegazkinez egin zuten Bilborainokoa, eta handik Oriora bidean izan zen istripua, Eibarren. Hiru lagunak onik daude, baina autoak kalte handiak izan ditu. Aurten, laugarren istripua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.