Euskal presoak

Legea bete dela diote agintariek; auzia gehiegi luzatu dela uste dute alderdiek

Julen Arzuaga: «Legeak lagundu egin behar du, bideak zabaldu behar ditu. Ezin du aurrera egitea zaildu»

Herrira mugimenduko Fran Balda eta Amaia Esnal, atzo, Donostian eginiko agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Josu Uribetxebarriaren auzia hasi zenetik bezalaxe, agintari eta alderdi politikoek askotariko adierazpenak egin zituzten atzo, gaixo larri dagoen preso arrasatearra baldintzapean aske utzi eta biharamunean. Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak azpimarratu zuten legea ezarri dela eta onartu egin behar dela; alderdien artean, berriz, auzia gehiegi luzatu delako iritzia nagusitu zen.

«Gobernuak onartu eta errespetatu egiten ditu epaiak, batere gustuko ez dituenean ere», adierazi zuen Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Garcia Margallok. Kultura ministro Ignacio Wertek, berriz, epaiarekiko «biktimen samina» ulertzen duela azaldu zuen, baina Zuzenbide Estatuarekiko «konfiantzari» eusteko eskatu zien «baita honelako uneetan ere» .

Nafarroako lehendakari Yolanda Barcinari ere «oso gogorra» egin zaio Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaia, baina «men egin» eta «errespetatu» egiten duela azpimarratu zuen. «Ulertzen dut ETAren biktimen sufrimendua, egin dituen krimenengatik damurik agertu ez duen pertsona bat jada libre dagoelako», gaineratu zuen.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezen iritziz, bestalde, Uribetxebarria baldintzapean aske utzita «legea ezarri da», eta frogatu da «Zuzenbide Estatua terroristak baino zeharo nagusiagoa dela moralki, etikoki eta humanitarioki. Demokratok pozik egon beharko genuke», adierazi zuen Jaurlaritzako lehendakariak.

«Denbora asko galdu da»

EAJk behin eta berriro azpimarratu du Uribetxebarriaren auzian Espainiako Gobernuak eta ezker abertzaleak gaia gehiegi «bihurritu» izan dutela, eta atzo ere berretsi egin zuen ideia hori. Andoni Ortuzar BBBko lehendakariaren ustez, «denbora eta energia asko galdu da auzian»: «Alde batek zeinbesteak gehiegi politizatu, luzatu eta bihurritu dute auzia,gai honek garapen azkarragoa, objektiboagoa eta legeetaraegokituagoa beharko zukeenean».

Josu Uribetxebarriaren auzia ebazteko Espainiako auzitegiek erakutsitako «geldotasuna» salatu zuen, bestalde, Julen Arzuaga EH Bildu koalizioko hautagaiak. Baldintzapean aske utzi izana berri ona dela iritzi zion, eta, horregatik, euskal gizartea zoriondu zuen. «Azkenik, Uribetxebarriak bere gaixotasun larriari aurre egin ahal izango dio bere duintasun osoaren jabe», azaldu zuen, bainaprozesua hainbeste luzatu izana deitoratu zuen ondoren: «Legeak lagundu behar du, bideak zabaldu behar ditu, inoiz ez itxi. Legeak ezin du aurrera egitea zaildu. Ez da onargarria Uribetxebarriaren kasuan justiziak izaniko geldotasuna», salatu zuen Arzuagak, etagaixo larri dauden bestehamahiru presoak gogora ekarri zituen.

Amaiurretik ere, Iker Urbina diputatua gaixo larri diren preso guztiak askatu beharraz mintzatu zen, eta Uribetxebarria auzian emandako epaia har zitekeen erabaki «logiko» bakarra izan dela esan zuen.

Preso arrasatearrarekin egin den «ikuskizun deitoragarria» salatu zuen, berriz, EBko Jose Navasek. Epaia txalotu zuen «bidezkoa» delako, eta erabakia gaixo larri diren gainontzeko presoei aplikatzea galdegin zuen.

«Zuzenbideari egokitzen zaion epaia da», adierazi zuen, bestalde,PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek, eta gaineratu zuen ika-mikak Bilduri egiten diola «mesede». Geroa Bai-ko Uxue Barkosek, berriz, «osasun demokratikoaren seinaletzat» hartu du epaia, eta zenbaiten samindura ulertzen duela aitortu arren legea «betetzeko eta men egiteko» dagoela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.