Euskal presoak

Legea bete eta aske uzteko eskatu dio Uribetxebarriak berak epaileari

Jose Luis Castro epailea Donostiako Ospitalean izan da, gaixo larri dagoen presoarekin eta haren medikuarekin biltzekoBihar edo etzi emango du erabakiaren berri Espainiako Auzitegi Nazionalak

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Legea aplikatzea besterik ez da falta. Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileakEspainiako Zigor Kodearen 92. artikulua aplikatzea erabakitzen badu, Josu Uribetxebarriapresoa aske utzi behar luke. Baldintza guztiak betetzen dira. Eta horixe bera esan zion presoak berak epaileari atzo. Bisitan izan zuen Donostiako Ospitalean, eta esateko zer zeukan galdetu zion; gaixo dagoela, larri dagoela, eta legea aplikatu eta aske uzteko eskatu zion. Epaileak aste honetan emango du erabakiaren berri, bihar edo etzi; gaur, ez.

Donostiako Ospitaleko medikuen txostenak eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuenak eskuan izan arren, presoa nola dagoen bertatik bertara jakin nahi izan zuen epaileak. Ohikoa ez den arren, presoarekin berarekin eta hura artatzen ari diren medikuekin hitz egiteko, Donostian izan zen atzo. Segurtasun neurri askorik gabe, autoa aparkalekuan utzi, eta oinez egin zuen erietxearen atzeko aterako bidea. Ama-haurren unitateko atetik sartu zen, 17:15ean. Hiru ordu inguru egin zituen eraikinaren barruan, eta 20:15 aldera joan zen handik. Denbora horretan, Uribetxebarriaren onkologoarekin eta presoarekin berarekin bildu zen; luze aurrenarekin, eta oso labur presoarekin. Onkologoa oporretan zegoen arren, lanera joan zen atzo, eskatutako azalpenak emateko epaileari.

Auzitegi Nazionaleko fiskalak Uribetxebarria libre ez uzteko eskatu dio Castro epaileari, baina argia da Zigor Kodearen 92. artikulua: «Irizpide bera aplikatuko da [baldintzapean aske uztea], medikuaren txostenaren arabera, oso larri dauden gaixoekin, jasankizun sendaezinak badituzte». Donostiako Ospitaleko medikuek egindako txostenak eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuek egindako txostenak, biek onartzen dute Uribetxebarriaren gaixotasuna larria dela eta ez duela atzera bueltarik. Auzitegi medikuen txostenak dio Uribetxebarria preso edukita ere artatu daitekeela, baina, hala izan edo ez, legeak aske izateko eskubidea ematen dio. Hala jaso du Espainiako jurisprudentziak ere gaixo dauden presoak aske uztea erabaki izan duenean, nabarmenduta presoek duintasunez hiltzeko eskubidea dutela.

Orain, txostenak eskuan dituela eta zuzeneko informazioa jasota, fiskalak eskatu bezala 92. artikulua ez aplikatu eta Uribetxebarria preso eduki edo Arrasateko presoaren eskubideak errespetatu, legea bete eta presoa baldintzapean aske utzi erabaki beharko du epaileak. Izan ere, fiskaltzak eta auzitegi medikuek legeak aipatzen ez dituen arrazoi batzuk eman dizkiote epaileari Uribetxebarria preso edukitzea argudiatzeko. Arrazoitu dute presoa ez dagoela «fase terminalean», baina Zigor Kodearen 92. artikuluak ez dio ezer horri buruz.

Txus Martin, bakarrik

Gaixo larri dauden beste presoei dagokienez, Etxerat-ek atzo adierazi zuen Txus Martinek aplikatu duen laguntza protokoloa —bere buruaz beste egiteko arriskua dutenei ezartzen zaiena— hautsi egin diotela. Zaballako espetxean dago Martin iazko abendutik, eta orain arte beti egon da beste preso batekin —sozial edo politikoa— egun osoan. «Txusek ezin du bakartua egon espetxean, egoera honek eragin diolako egungo gaixotasuna. Eta, azken bi urteetan, laguntza protokoloaren barruan dago, hain zuzen ere, bere buruaz beste egiteko arrisku erreala duelako», salatu du Etxerat-ek.

Gotzone Lopez de Luzuriaga, berriz, Donostiako Ospitalean izan zen atzo, eskuetan duen hezurretako eta artikulazioetako mina aztertzeko erresonantzia egiteko. Lopez de Luzuriagak bularreko minbizia dauka. Etxerat-en arabera, bisita «zuzena» izan zen, eta ez zen izan «inolako arazorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.