Lege bera beste era batera interpretatu eta aplikatzen du Espainiako Auzitegi Gorenak 2006az geroztik. Espetxe erredentzioak gehienez bete daitezkeen 30 urteei aplikatzen zizkieten ordura arte, baina kontaketa zigor bakoitzari ezartzea erabaki zuten Henri Parotekin, eta, praktikan, espetxean pasatu beharreko urteak gehitu. Handik aurrera, legea modu horretan aplikatzea hobetsi zuen Gorenak, eta halaxe egitea berretsi du Konstituzionalak, 197/2006 doktrinari jarritako 25 helegite atzera botaz —erabakien arrazoiak kaleratu zituen atzo—.
Konstituzionalak onartu egin du Gorenak legea beste era batera interpretatzen duena orain, baina hori egin daitekeela dio. Bestelako iritzia du Adela Asuak, atzo kaleratutako 31 epaien kontrako boto partikularra idatzi duen magistratuak. Urte askoan legea era batera interpretatu ostean hura beste modu batera interpretatu behar bada «arreta handiz» egin behar dela dio, eta, haren ustez, kasu honetan gaizki egin da «aldaketa interpretatiboa». Asuak onartzen du legea modu batera baino gehiagotara interpreta daitekeela, baina, gogora ekarri duenez, «interpretazioaren kanonak bermatu behar du zentzu literala ez aldatzea presoaren okerrerako». Joko arauak aldatzea egotzi dio Asuak Gorenari, horretarako justifikazio nahikorik eduki gabe.
Defentsak argudiatu bezala, askatasun pertsonalerako eskubidea urratzen du Gorenak, Asuaren ustez, eta baita legalitate penalerako eskubidea eta zaintza judizial eraginkorrerakoa ere —Konstituzioko 17. artikulua, 25.1.a eta 24.1.a—. Beraz, helegiteak onartu egin behar liratekeela uste du. «Ez dago dudarik interpretazio berria in mala partem aplikatuta zigor egunen kontaketa drastikoki aldatzen duela eta horrek gutxienez segurtasun juridikoa hunkitzen duela», dio.
Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkura osatzen duten 11 magistratuek 31 epairen berri eman zuten atzo. Haiek guztiek boto partikularrak dituzte, orotara bost epailek jarrita. 31 helegitetik hiru besterik ez zuen onartu Konstituzionalak: Jose Ignacio Gaztañagarena, Juan Mari Igarataundirena eta Jose Mari Perez Txuri-rena —hirurak libre atera ziren epaia jakin eta hurrengo egunean—. Beste hiru helegite ez zituen tramiterako ere onartu, forma akatsak zituztela argudiatuta, eta gainerako 25ak atzera bota zituzten —horietako 24 euskal presoen kasuak dira—.
Defentsek helegiteetan argudiatu zuten 197/2006 doktrina aplikatzeak presoei zigorra luzatzea dakarrela eta ondorioz haien gizarteratzea galaraztea. Konstituzionala ez dago horrekin ados. Epaietan idatzi du zigorra luzatu arren gizarteratze hori ez duela galarazten, eta Espainiako Gobernuak ahotan darabilen «sistema indibidualizatu zientifikoari» egiten dio erreferentzia. Hala, dio ez dela «galarazten» egungo espetxe politikak zehazten dituen espetxe onurak lortzea «haren jarrerak eta garapenak erakusten badute askatasunean bizi zintzoa egiteko gai dela».
«Politiko-kriminalak»
Espainiako zigor kode berriko «pauta politiko-kriminalak» zigor kode zaharrarekin epaitutakoei ezin zaizkiela aplikatu dio Adela Asuaren boto partikularrak. «Inkoherentzia sistematiko larria» dela dio. Asuak boto partikularrean dio ulertzen duela zigor kode zaharrak esaten duen bezala 31 urteko zigorra duen batek, 50ekoa duen batek edo 100 urtetik gorakoa duenak, guztiek, gehienez 30 urteko zigorra betetzeak «soziologikoki mespretxua» eragin dezakeela, baina «horrek ez dio zilegitasunik ematen 197/2006 doktrinari».
Eugeni Gay magistratuaren irudiko ere, onartu egin behar ziren 197/2006 doktrinaren kontra jarritako helegiteak. Besteak beste, askatasunerako eskubidea —17.1 artikulua— urratzen dela dio. «Aplika daiteken legean ez dago aurreikusita zigorra luzatze hori». Doktrina aplikatzeak «erabateko logika falta» du, Gayren ustez, «legez aurreikusitako erredentzioak inolako balio efektiborik ez izatea» dakarrelako.
Legea desberdin aplikatu eta arauak aldatzea salatu du magistratu batek
Konstituzionalak esan du «sistema indibidualizatuarekin» espetxe onurak lor ditzaketela presoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu