Nahiz eta gehiengorik ez izan, legealdi honetako aurrekontu guztiak aurrera ateratzea lortu du UPNk. Baita 2011ko aurrekontuak ere. Aurreko hiru urteetan gertatu legez, atzo Parlamentuan egindako osoko bilkuran, PSNren hamabi parlamentarien botoak ezinbesteko izan zituen UPNk aurrekontuak aurrera ateratzeko. PSNk aldeko botoa eman zuen nahiz, eta UPNrekin aurretik akordiorik lortu ez. «Akordioa lortuta baino gehiago lortu dugu akordiorik gabe», argudiatu zuen Jose Luis Lizarbe parlamentari sozialistak.Horrenbestez, datorren urtean Nafarroako Gobernuak 4.188 milioi euroko gastu publikoa izango du, aurten baino 220 milioi euro gutxiago (%5). Nahiz eta aurrekontuei babesa eman, PSNk dio UPNri aurre egiteko «alternatiba bakarra» dela.
Aurrekontuak onartuta, gaur osoko bilkuran gobernuak proposatutako zerga neurriak eztabaidatuko dira, eta aukera hori baliatu nahi du alderdi sozialistak gizartearen aurrean UPNtik politikoki bereizten dela irudikatzeko. Hala, errentaren gaineko zergan, errenta handien zerga tasa %42tik %43ra handitzea proposatzen du PSNk. UPNk argi utzi du ez dagoela ados proposamenarekin, eta jarrera horren aurrean PSNk iragarri du ez dituela gobernuaren neurriok babestuko. CDNren eta IUNen botoen menpe dago orain UPN. PSNkbeste zerga proposamen bat proposa dezake, eta hori dela-eta ikusteko dago zer egiten duten NaBaik eta Nafarroako Ezker Batuak.
UPN eta PSNren «jokoa»
Nafarroa Baik eta CDNk gogor kritikatu zuten jarrera hori: hauteskunde kanpaina ate-joka dela, PSN eta UPNren arteko «antzezpena» eta «jokoa» baino ez dela salatu zuten biek ala biek. Nafarroako Ezker Batuak, aldiz, «eskua luzatuta» daukala azaldu eta ezker kutsuko neurri oro babesteko borondatea duela agertu zuen atzo.
Txentxo Jimenezek alderdi sozialistari gogorarazi zion legealdi osoan UPNk aurkeztutako egitasmoen %85 babestu dituztela, eta UPN gabe aurrera atera dituzten egitasmoak NaBairi esker izan direla. «Ontzirik gabeko kapitain bati mezua argi eta garbi igorri nahi diot: edo eskuinera zaudete UPNrekin, edo ezkerrera NaBairekin. Aurrekontuekin zer egin duzuen ikusita, UPNri kafeak zerbitzatzen jarrai dezakezue. Ez duzue ezer gehiago lortuko». PSNri ironiaz galdetu zion zergatik ez duen lehenago azaldu UPNrekiko jarrera kritikoagoa.
Adierazpen horiek zirela eta, PSNko eserlekuetatik protesta oihuak entzun ziren. Erantzuteko tartea iritsita, PSNko Samuel Carok herritarrekin baino barne arazoekin kezkatuago egotea aurpegiratu zion NaBairi. «Lehenik eta behin, argitu ezazue zeuon burua, eta ondoren erantzungo dizuegu». Carok gaineratu zuen PSNk ez duela «muturreko nazionalismoarekin» akordiorik egingo, eta NaBai «antisistematzat» jo zuen.
Bere lehen hitzaldian, NaBaiko Maiorga Ramirezek «defizit publikoarekin soilik kezkatuta» egotea leporatu zion Nafarroako Gobernuari. UPNren asmoa «zerbitzu publikoak ahultzen jarraitzea» dela deritzo, aurrekontuetan proposatutako murrizketa «langile publikoek eta gizarte erakundeek» ordaintzen dutelako bereziki. Aurreko aurrekontuen ildo beretik jarraitzea egotzi zion UPNri: «Aurrekontuok ez dute balioko krisiari irtenbide sozial bat emateko».
CDNk iaz gobernua utzi arren, aurtengo aurrekontuak babestu zituen; atzo, ordea, 2011ko aurrekontuen aurka bozkatu zuen, «gizarte murrizketa handiak» eta «inbertsio publikoa %30 txikitzea» proposatzen dutelako.
CDN: «Langabezia handiagoa»
Gogora ekarri zuen Nafarroa 2012 planaren bidez lau urteren buruan 4.000 milioi euroko inbertsio publikoa aurreikusi zuela exekutiboak, eta 2008tik 2011ra, 1.700 milioi eurokoa, «horietatik 400 milioi baino ez 2011n». Horregatik, bere ustez, aurrekontuek «langabezia handiagoa» baino ez dute ekarriko. Osoko bilkuran PSNk eta UPNk azaldutako ezadostasunak hauteskundeei begirako antzezpena baino ez direla adierazi zuen.
«Nola esan dezakezu gure jarrera antzezpen hutsa dela? Ez dago tranparik. Egiazko politika da», erantzun zion PSNko Juan Jose Lizarbek. Aurrekontuak «ahal zen guztia» aldatu direla gaineratu zuen, eta PPrekin batera hauteskundeei begira «antzezpenetan» dabilena CDN bera dela salatu zuen.
Eztabaidak egun osoa iraun arren, aurrekontuen onarpena tramite hutsa izan zen. UPNko Carlos Garcia Adanerori egokitu zitzaion aurrekontuen defentsa. Haren ustez, aurreko urtekoen ildo berekoak eta «koherenteak» dira. Adanerok iritzi dio legealdi osoan aurrekontuak onartu direlako dagoela Nafarroa beste autonomia erkidego batzuk baino egoera hobean. «Ez da halabeharra».
Aurrekontuen eztabaida
Legealdi osoan bezala, PSNk 2011ko aurrekontuetan ere babestu du UPN
Gaur UPNk proposatutako zerga neurrien aurka bozkatuko duela dio PSNk, 4.188 milioi euroko gastuaren alde egin arrenNaBaik eta CDNk salatu dute «antzezpena» direla UPN eta PSNren arteko diferentziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu