Legearen albo ondorioak

Espainiako tabakoaren legeak tabernetatik aterarazi ditu erretzaileak, baina taberna barruko zerbitzua kalera ateratzean udalen beste araudien aurka egin dute erretzaileek eta ostalariek.

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
EAEko tabakoaren kontsumoa, salerosketa eta publizitatea arautzen duen lege aldaketaonartu berri du Eusko Legebiltzarrak, baina dagoeneko duela hilabete indarrean dagoen Espainiako legearen eragina agerikoa da gure inguruan. Legea betearaztearekin sortutako zalantzak, egondako salaketak eta iskanbila apurrak alde batera utzita, kaleen irudia bera aldatu du hilabete bakarrean, eta tabernen kanpoaldean sumatzen ari dira legearen albo ondorio nagusiak.

Orain arte arautu gabe zeuden jardun berri batzuk agertu dira tabakoaren lege berriarekin, erretzaileak kanporatzearen ondorioz tabernetan sortutako beharraren ondorioz. Mahai altuak, kalean jarritako mahai tolesgarriak, upelak, berogailuak eta bestelako baliabideak jarri dizkiete ostalariek erretzaileei. Dena den, tabakoaren legearen ondorioz tabernen kanpoaldean sortu diren txoko horiek beste araudi batekin egin dute topo: eremu publikoaren erabilerarekin.

Kalearen erabilerari buruzko araudia udalen eskumena izanda irizpide ezberdinak dauden arren, modu bertsuan jokatu ohi dute udal guztiek. Indarrean dagoen araudia bete egin behar dela berretsi dute Hego Euskal Herriko hiriburuetako udalek. Onartu gabeko altzariak jartzen dituzten ostalariak zigortu egingo dituztela berretsi dute. Dena den, ostalarien elkarteekin etengabeko elkarrizketa izaten ari direla gaineratu dute, ados jarri ahal izateko.

Aldaketa ageriena lege berriaren ondorioz terrazak eta mahaitxoak jartzeko informazio eskaeren gorakada izan da. Besteak beste, Bilbon 20 ostalarik terrazak jartzeko tramiteak hasi zituzten urtarrileko lehen hiru asteetan, eta Gasteizko Udalak 25 dei inguru jaso ditu informazioa eske. Dena den, terrazak jartzeko asmoak beste araudi bat du aurrez aurre: larrialdietako ibilgailuen ibilerraztasuna bermatzen duen.

Larrialdietarako ibilgailuak igarotzeko moduko tokia utzi behar da kale guztietan, eta kale batzuetan mahaiak jarriz gero hori ezinezkoa da; Donostiako Parte Zaharrean, esaterako. Ostalarien eta udalaren artean etengabeko elkarrizketa gertatzen ari da egoerari irtenbidea topatzeko. Ostalariek «malgutasuna» eskatu diote udalari, eta hark neurriak zaintzeko beharra gogorarazi die.

Berogailuak kalean

Tabernek kalera atera dituzten altzari gehienak araututa dauden arren, perretxikoen moduan atera diren berogailuek jokoz kanpo harrapatu dituzte udalak. Gehienetan baimendu arren, udal bakoitzak bere erako eskaerak egin ditu onartu ahal izateko. Arautegi berri bat onartu bitartean, kaleko berogailuak onartu dituzte Iruñeko, Bilboko eta Donostiako udalek, Europako Batasuneko herrialdeen oinarrizko segurtasun eskaerak betetzen dituzten aparatuak diren neurrian, besteak beste.

Gasteizen, ordea, berogailu horiek kalean mahaitxoa jartzeko baimenarekin lotu dituzte. Mahaitxoak jartzeko araudi batean lanean ari da Gasteizko Udala, baina onartu bitartean Sindikoak egindako aholku bat aintzat hartu du. Horren arabera, berogailua jarri ahal izateko, kalean mahaitxoak izateko baimena izan behar dute tabernek, edo baimena lortzeko tramiteak hasita izan behar dituzte.

Duela bi urte inguru hasi zen mahaitxoen araudiari buruzko eztabaida Gasteizen. Arazo iturri izan zitekeena hiri irudia indartzeko baliatzea proposatu dute ostalariek, denek altzari mota bera erabilita.

Tabernen kaleko altzari berriak ez dira tabakoaren legearekin sortu den arazo iturri bakarra. Erretzaileek kalera ateratzean zarata egiten dute, etadagoeneko Gasteizen bizilagunen salaketaren bat egon da horren ondorioz. Horrez gain, terrazak ez dauden tokietan ezin da edaririk atera, EAEn debekatuta baitago alkohola kalean edatea. «Argitu gabeko kontraesan asko daude gaur egun, eta lan mardula dugu aurretik hori guztia argitzeko», gogorarazi du Andres Mendozak, Arabako Ostalaritza Elkarteko gerenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.