«Zerbait mugitzen ari da Ipar Euskal Herrian». Euskarak Iparraldean duen egoera kezkagarritzat badute ere, hizkuntza gutxituen aldeko presioa urratsak egiten ari dela eta uzta jasoko duela uste dute Ione Josie Kontseiluko kideak, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.
Euskararen lege babesa Ipar Euskal Herrian gaiari helduta, mahai inguru bat egin zuten atzo Martin Ugalde foroan, kultur parkeko areto nagusian, Andoainen (Gipuzkoa). Orain dela hiru aste egin zuten foroaren azken-aurreko ekitaldia, eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok eman zuen orduan hitzaldia. Atzo, Josie, Gorostiaga eta Bilbao izan ziren hizlariak, eta luze aritu ziren euskarak Iparraldean duen egoeraz. BERRIA kazetako zuzendari Martxelo Otamendik gidatu zuen saioa, eta Txillardegiren hitzak moldatuta eman zien puntua hizlariei: «Lege babesarekin zail dauka euskarak bizirautea; gabe, ezinezkoa da».
Azken bi hamarkadetan euskarak araudian izandako babesaren bilakaeraren errepasoa egin du Josiek. Oroitarazi duenez, hogei urte dira Frantziako hizkuntza frantsesa dela dioen artikulua Konstituzioan txertatu zutela; bi urte geroago, frantsesaren erabilera derrigor egiten duen legea onartu zuten. 1999an Frantziak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna sinatu bazuen ere, Konstituzio Kontseiluak ez zuen izenpetze hori baimendu, baina hor abiatu ziren, Josieren arabera, hizkuntza lege baten inguruko proposamenak.
Ipar Euskal Herrian eragina duen eta izan duen hizkuntza araudiaren ibilbidea atzeragotik abiatu du Bilbaok; hain zuzen, XVI. mendetik. Haren esanetan, ordukoa da gaur egun indarrean dagoen hizkuntza politika. Frantsesa lehenesten zuen arau bat egin zuen Frantziako erregeak, latinaren eragina murrizteko asmoz, eta «alboko kaltearen biktima» bilakatu zen euskara. Frantziako Iraultzaren urteei ere egin die so Bilbaok, eta datu bat eman du: 1789an 26 milioi biztanletik 15 frantsesa ez zen beste hizkuntza batean mintzo ziren. Iraultzaren hastapeneko urteetan frantsesa ez zen hizkuntzetara itzultzen zen legeria berria. Ordea, 1794ko uztailaren 20ko dekretuak erakusten du agintariek jokabidea aldatu zutela, Bilbaoren iritziz. Dekretu horren arabera, sei hilabeteko espetxe zigorra jasoko zuten idatziz, lanean, txostenetan, epaietan, kontratuetan eta abarretan frantsesa ez beste hizkuntzaren bat erabiltzen zutenek.
Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak Martxoaren 31rako Baionan deitutako manifestaldiaren garrantzia nabarmendu Gorostiagak. Euskarak Iparraldean bizi duen ataka zailaren hainbat adibide aipatuta defendatu du Gorostiagak lege baten beharra; erakunde publikoek ikastolei diruz laguntzeko debekua eta hezkuntzako baxoa frantsesez egiteko beharra gogorarazi ditu, besteak beste. «Ohartu gara eskaeratik eskaintzara pasatu behar garela, eta hori lege bidez egiten da».
EEP Euskararen Erakunde Publikoaren eginbeharra jada ez dela nahikoa ere ziurtatu du Gorostiagak: «Sabaia jo du. Neutro bihurtu ditu euskararen aurkakoak, eta aldeko, neutro zirenak. Legerik gabe, ezin du indar gehiago egin.Agerian gelditu da borondate hutsa ez dela nahikoa». Seaskako zuzendariaren esanetan, iritzia ematetik erabakiak hartzera igaro behar da EEP. Uste horretakoa da Josie: «Hizkuntza politika eraginkorra da bertatik kudeatzen dena, eta horrek behar du lehentasuna».
Proposamenak
Euskara babestuko duen lege batek zein ezaugarri izan beharko lituzkeen azaldu du Bilbaok. Hiru zutabetan oinarritu du balizko lege hori: osoa, zehatza eta dinamikoa behar du izan. Osoa behar du, hain justu, euskararen normalizazioaren alor guztientzako erantzunak izan behar dituelako, Bilbaoren ustez. Zehaztasunari ere garrantzizkoa iritzi dio, «anbiguotasunak beti jokatzen baitu hizkuntza gutxituaren kontra, eta, beraz, zehaztasun maila handi bat normalizazio prozesuarentzako bermea delako». Egoera aldakorra izango den heinean, arauak ere dinamikoa izan behar duela argitu du.
Legearen edukiez jardun du Bilbaok, baina baita euskarak lege horretan izan beharreko estatus juridikoaz ere. Euskarari berezko izaera aitortu behar zaiola adierazi du, eta erantsi Frantziako Konstituzioak dagoeneko aitortzen diola izaera hori — «eskualdeetako» hizkuntzak «Frantziako ondaretzat» jotzen ditu konstituzioak—. Ofizialtasuna eskatu du Bilbaok, hiztunen eskubideak juridikoki aitortzeko urratsa dela uste baitu. Gainera, euskarari lehentasuna eman behar zaiolakoan dago, hizkuntzen arteko desoreka amaitzeko: «Gutxiagotze prozesuak gertatu direnean, hizkuntza gutxituak lehentasunezko bihurtzea komenigarria da». Hizkuntza gutxitua ezagutzeko betebeharraren alde egin du Bilbaok: «Euskaldunen babes gabezia asko amaituko lirateke».
Batzeko deia
Martxoaren 31ko Deiadar manifestazioan elkartzera deitu dute Josiek, Gorostiagak eta Bilbaok. Hegoaldeko euskaldunei zuzendu zaie Josie: «Denak gara euskaldunak, eta ofizialtasuna eta euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatu behar dugu». Bilbaok, berriz, «komunitate gisa aurre egiteko» garaia dela nabarmendu du. Gorostiagak 2009ko Deiadar manifestazioa izan dugu gogoan —5.000 pertsona batu ziren—, eta orduko langa gainditzeko itxaropena azaldu du: «Elkartasun beharrean gaude. Bakoitzak beretik eman behar du euskara bizirik ikusteko». Gorostiagak gogogorarazi du agintari askok zin egin dutela dagoeneko euskara babesteko lege bat indarrean jarriko zutela, eta 31ko martxa «izenpetze» bat izan behar dela esan du.
'Euskararen lege babesa Ipar Euskal Herrian' mahai inguruaren bideoa, hemen ikusgai
www.berria.info
Martin Ugalde Foroa. Euskararen lege babesa Ipar Euskal Herrian
Legearen gerizpea helburu
Ipar Euskal Herrian euskara babestuko duen arau baten beharra nabarmendu dute Ione Josiek, Paul Bilbaok eta Hur GorostiagakHizkuntza politika eraginkorrak eskatu dituzte, eta erabakiak hartzeko ahalmena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu