Legebiltzarkideen eta goi karguen soldata parekatzeko, ia 300.000 euro erabili dituzte

Parlamentarien soldatekin «demagogiarik» ez egiteko eskatu du Izaskun Bilbao presidenteak

IVAN SANTAMARIA / EDURNE BEGIRISTAIN GAS
2007ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Soldata berdinarekin bukatuko dute urtea EAEko legebiltzarkideek eta Eusko Jaurlaritzako goi karguek, eta aurrera begira ere ganberako ordezkarien soldata igoeraLakuako agintariena bestekoa izango da, atzo Legebiltzarreko Presazko Legegintza, Araudi eta Gobernurako Batzordearen erabakiaren ondorioz. Soldatak parekatzeak aurten ia 300.000 euroko kostua izan du.

Ordainsariak berdintzeko asmoa ez da berria, eta dagoeneko 1999ko abenduaren 29an onartutako EAEko Politikariaren Estatutuan jasota zegoen. Itunaren arabera, Eusko Legebiltzarreko lehendakariak Jaurlaritzako lehendakariordearen soldata berdina izango du. Mahaiko kideek sailburuordeen pare kobratuko dute. Beste legebiltzarkide guztiek, azkenik, zuzendari ordainsaria eskuratuko dute.

Legebiltzarkideen soldatak goi karguen sarira iristeko 293.000 euro erabili dira aurten. Kopuru horrek, besteak beste, presoen senitartekoei kartzelarako bisitak egitekoaurreikusita dagoen partida gainditzen du (218.000 euro), eta kirol selekzioen ofizialtasuna lortzeko bideratuko den halako bi da (150.000 euro).

Igoera hori bi fasetan izan da. Lehenik eta behin, iazko soldata gordinean %4,3ko igoera izan zuten, ganberako beste funtzionarioek izandakoaren adina. Igoera horren kostua 212.000 eurokoa izan zen. Ondoren, beste ordain bat ere eskuratu dute, ekainetik aurrera goi karguen soldatarekin zegoen aldea berdintzeko. Bigarren ordain horren kostua 81.000 eurokoa izan da. Bi kontzeptuak kontuan hartuta, aurten legebiltzarkideen soldataren igoera %6 ingurukoa izan da,batez beste. 2006ko inflazioa Hego Euskal Herrian %2,5 izan zen. Datorren urtekoa ez dute oraindik jakinarazi, ez baitago zehaztuta Jaurlaritzako goi karguen soldatari nolako igoera ezarriko zaion.

Aurten, guztira Izaskun Bilbao presidenteak 95.372 euro kobratuko ditu. Mahaiko ordezkariak eta alderdietako bozeramaileek 80.204 euro, eta gainontzeko legebiltzarkide guztiek, 67.739 euro. Horri dieta eta beste osagarri batzuk gehitu behar zaizkio, besteak beste, legebiltzarkideen eskuko telefonoaren finantzaketa eta ganberarako joan-etorrien gastuetarako dietak, besteak beste.



POLEMIKA ITURRI. Azken egunetan legebiltzarkideen ordainsarien igoerari buruzko albisteek sortutako polemikak eragina izan du legebiltzarkideen aurrekontuak finkatzeko. Hala, azken urteetan ez bezala, 2008an legebiltzarkideek jasoko duten soldata ez da igoko ganberako funtzionarioen beste, eta «automatikoki» parekatuko dira Jaurlaritzako goi karguen soldatekin.

Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidenteak soldatekin «demagogia egitea eta manipulatzea» leporatu die komunikabideei, eta hemendik aurrera Legebiltzarreko aurrekontuen inguruan informazioa emateko orduan «gardentasuna» erabiliko dela ziurtatu du. Hala, 27 urtean lehen aldiz publiko egin dira aurten ganberako aurrekontuak, eta komunikabideen eskura jarri dira. Aurrekontuen eztabaida ateak itxita egin da orain arte.

Ezker Abertzalea legebiltzar taldeak «eskandaluzkotzat» jo du legebiltzarkideek beren soldatak igotzea eta goi karguenekin parekatzea. Hala, Legebiltzarreko Presazko Legegintza, Araudi eta Gobernurako Batzordera bi proposamen eraman ditu legebiltzar taldeak: batetik, parlamentarien soldata Jaurlaritzako goi karguen ordainsariekin ez parekatzeko eskatu du, eta, bestetik, soldatak ez ezik, legebiltzarkideen joan-etorrien gastuetarako eta eskuko telefonorako bideratutako dirua ere izozteko galdegin du. Gainerako taldeek ez dute bat egin EABren proposamenekin, eta ez dira aurrera atera.

Legebiltzarkideek egun jasotzen dituzten soldatak gehiegizkoak direla iruditzen zaio Nekane Erauskin EABko eledunari, are gehiago soldata horiei Eusko Legebiltzarreko funtzionarioei aplikatzen zaien %4,3 gehitzen bazaie. EABko bozeramailearentzat ezinbestekoa da aztertzea zenbat diru jaso beharko lukeen parlamentari batek soldata «duina» izateko.

Legebiltzarkideen ordainsari handiek «alarma sozial» itzela sortzen dutela uste du EABko parlamentariak, kontuan hartuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 110.000 pertsona pobrezia larrian bizi direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.