Irungo eta Hondarribiko alkateek ez dute urratsik egingo alarde mistoa babesteko
Estitxu Ugarte
Gasteiz
Bereizkeria baino gehiago bizikidetza arazoa dago alardeen atzean. Argudio horri helduta, Hondarribiko eta Irungo alkateek (Gipuzkoa) muzin egin diote berriro ere emakumeen berdintasun eskubidea aldarrikatzen duten alarde mistoak babesteari. Gauzak dauden bezala ondo daudela esan du Irungo alkate Jose Antonio Santanok (PSE-EE), eta herritar gehienen iritziaren kontra ezin duela egin azaldu du Hondarribiko alkate Borja Jauregik (EAJ).
Batak zein besteak Eusko Legebiltzarraren Emakume eta Gazteria Batzordean agerraldia egin zuten atzo goizean, Ezker Abertzalea (EAB) taldearen eskaerari jarraituta. Ekainerako aurreikusita zegoen alkate biren agerraldia, hain zuzen herriko jaietan gerta zitekeena bideratzeko asmoz, baina Santanok eta Jauregik huts egin zioten hitzorduari, eta atzo izan zen bien agerraldia.
Nolanahi ere, orain arte erakutsitako jarrerari eutsi zioten alkateek. Lehenbizi Jauregik hitz egin zuen, baina EAEko arartekoari erantzunez Hondarribiko Udalak iragan abuztuan bidalitako idazkia hitzez hitz eta arrapaladan irakurtzera mugatu zuen agerraldia. Azalpen horrek EABko, EAko eta Aralarreko legebiltzarkideen haserrea eragin zuen. EABko legebiltzarkide Maite Aranburuk errespetu falta eta arduragabekeria leporatu zizkion alkateari, eta eginiko galderei erantzuteko eskatu zion. Hortaz, bigarren parte-hartzean eginiko okerra zuzendu zuen Jauregik, eta alardearen inguruan duen iritzia eman zuen.
EAJren alkatearen irudiko, Hondarribiko alardean jazotako gertakariak larriak badira ere, ez dute emakumeen diskriminazioarekin zerikusirik. «Gatazka soziala da, oso larria, eta azken hamar urteotan gatazka gaiztotu egin da. Alkatea naizen aldetik errespetua eta berdintasuna aldarrikatu ditut behin eta berriro», esan zuen Jauregik. Ildo horretan, alardea pribatizatzeko erabakiak «bake soziala» bermatzeko helburua izan zuela azpimarratu zuen.
Dena dela, alkateak azaldu zuenez, legeak eta dekretuak onartuta ez da arazoa konponduko, eta bide bakarra herritarrak konbentzitzea da. «Herritarren iritzia aldatzen denean aldatuko da kontua», azaldu zuen alkateak. Bitartean, Jauregiren ustetan, Udalak ezin du «alarde mistoa antolatu, herritar gehienek ez baitute nahi».
Jauregiren hitzok, baina, ez zituzten legebiltzarkideen asmoak asetu, eta emakumeek Hondarribiko jaietan berdintasunean parte hartzeko duten eskubidea babesteko urratsik egingo duen galdetu zioten Aralarrek, EAk eta EABk. EAJren legebiltzarkide Joseba Egibarrek ere proposatu zuen Udalak alarde mistoari babes ofiziala ematea.
Haatik, Jauregik ez zuen begi onez ikusi proposamena, eta bizikidetzaren ikuspuntutik halako urratsa egiteak kontrako eragina izango lukeela azaldu zuen. Gainera, Udalak ez duela alardea antolatu behar azpimarratu zuen.
Aurretik Jauregik azalduriko hainbat argudio berretsi zituen Jose Antonio Santano Irungo alkateak haren agerraldian. Nolanahi ere, Irunen aurten alardean istilurik ez dela gertatu azpimarratu zuen, eta hortaz jarrera baikorra azaldu zuen, «Irunek bidea eman duelako bi alardetako kideek askatasun osoz jarduteko». Udalak hori lortzeko eginiko ezkutuko lana nabarmendu zuen, eta salatu egin zituen «dekretuen bidez eta marketin kanpainak erabiliz alardearen arazoa bideratzeko saiakerak».
BI AUKERA KALEAN. Bestetik, Hondarribiko alkateak egin bezala, Santanok ukatu egin zuen emakumeen kontrako bereizkeria dagoela Irunen, eta bizikidetza arazoa dela nabarmendu zuen. Santanoren irudiko, onena da jaia ulertzeko bi modu diferente egonez gero, biek aukera izatea kalean egoteko eta herritar bakoitzak erabaki dezala non egon nahi duen. Udalaren aldetik, gainera, alarde mistoa zein tradizionala kalean mantentzeko asmoa azaldu zuen, eta mistoa babesteko urrats berezirik ez duela eginen ohartarazi zuen. «Gauzak dauden moduan ondo daude, arazoak bideratzen ari dira eta herritar orok du bere eskubideak gauzatzeko aukera».
Bi alkateren agerraldien harira, EAJren eledunak adierazi zuen argi dagoela epaiek ez dutela Irunen eta Hondarribian dagoen arazoa konponduko, eta hortaz, jaietan udalen inplikazioa ezinbestekoa dela. EAko legebiltzarkide Onintza Lasak batzuen zein besteen jarrerak hurbiltzeko saiakera handia egiteko eskatu zuen, eta etsipena alde batera uzteko. PSE-EEko eledun Ezozi Leturiondok bizikidetza sustatzeko eta gorrotoa deuseztatzeko exijitu zien alkateei. EABk eta Aralarrek gertatzen ari denaren inguruko iritzi kritikoena agertu zuten. Oinarrizko eskubideak urratzen ari direla gogoratu zuten, eta hori onartezina dela nabarmendu.
Legebiltzarrak alarde mistoa babesteko eginiko eskaerei ezetz esan diete udalek
Bi aldeen arteko jarrerak hurbiltzen saiatzeko eta alarde mistoari «babes instituzionala» emateko eskatu diete legebiltzarkideek Hondarribiko eta Irungo alkateei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu