Unibertsitate Legea

Legebiltzarrak tramitera onartu du unibertsitate legearen legezko proposamena, SAren abstentzioarekin

Eusko Legebiltzarrean ezohiko saioa hasi dute 9:30ean, EAJ, EA eta EB-IUk aurkeztu duten euskal unibertsitatearen lege proposamena aintzat hartu ala ez erabakitzeko. Legebiltzarrak, gaur goizean onartu du tramitera unibertsitate legearen legezko proposamena EAJ, EA eta EB-IUren aldeko botoekin, eta SA Sozialista Abertzaleak taldeko parlamentarioen abstentzioarekin.

2004ko urtarrilaren 21a
16:23
Entzun
Legezko proposamena aurrera atera eta gero, batzordean bide emango zaio tramitazioari, otsailean, zuzenketak negoziatuko dira. Sozialista Abertzaleak taldea Euskal Unibertsitate Legea aurrera ateratzearen alde agertu da bozkaketa iristen denean. PP eta PSE-EEk Hirukoari kritika egin diote, ETAren indarkeria gaitzesten ez dutenekin "akordioa" egin dutela esanez.

Unibertsitate Legea abenduan atzera bota zuen Legebiltzarrak, oposizioaren aurkako botoekin, eta orduan, Gasteizko Hirukoak legez besteko proposamena mahai gainean jartzea erabaki zuen, eta gaurko onartu egin da, EAJ, EA eta EB-IUren aldeko botoekin, eta SAren abstentzioarekin.

Alderdien erreakzioak

Leopoldo Barreda PPko parlamentarioaren ustez, Gasteizko Hirukoan "koherentzia eza" sumatzen da eguneroko jardunean, "ez delako posible terrorismoak eragindako biktimen aldeko kanpaina bat aurkeztea eta hurrengo egunean ETA-Batasunarekin akordioa egitea". Barredak adierazi duenez, "Imaz EAJko buru denetik ETA-Batasunarekin egin duen lehen akordioa da".

Rodolfo Ares PSE-EEko parlamentarioaren esanetan, legez besteko proposamena aurrera ateratzean "Ibarretxeren hitza eta konpromisoa leku txarrean" geratu da, gaur gertatukoa "Batasunaren oinordekoengan babesteko beste modu bat baita". Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariari eta Josu Jon Imaz EAJko lehendakariari beren talde parlamentarioaren jarrera "ez baimentzeko" eskatu die Aresek, "zuen konpromisoa benetako dela baieztatzeko".

Xabier Ormaetxea EAJko parlamentarioak eztabaidan zehar esan duenez, ez dira SA taldearen zuzenketak onartu, baizik eta sindikatuenak onartu dira. "Gobernuari ostikoka aritzeko lan legitimoarekin kontuz ibili beharra dago, ostiko horiek gero EHUn bukatzen dutelako", azpimarratu du EAJko legebiltzarkideak.

Martin Aranburu EAko legebiltzarkideak gogoratu du aurreko lege proposamenean oposizioko alderdi guztien zuzenketak onartu zirela. Aranburuk "ardura politikoa" eskatu die alderdi guztiei lege hori aurrera ateratzeko, eta EAJk aurreko batzarreko testua ez onartzeak ekarritako polemikaz ez du hitz egin nahi izan.

Kontxi Bilbao EB-IUko parlamentarioa eta Legebiltzarreko Mahaiko idazkariondokoak Batasunarekin akordiorik ez dutela egin nabarmendu du. "PP eta PSE-EEk SArekin bozkatzen dutenean ez dago akordiorik, eta guk egiten dugunean bai", galdetu du Bilbaok.

Sozialista Abertzaleak taldeko parlamentarioa Joseba Alvarezen esanetan, SA abstenitu egin da legez besteko proposamenean euren proposaturiko zenbait zuzenketa sartu dituztelako, eta batzordeko bilera gaurko norabidean joaten bada, SA taldeak "Ibarretxek Euskal Unibertsitate Legea artikulatzeko gehiengoaren alde egingo duela nabarmendu du".

"Ez gara komando parlamentario bat, talde bat gara eta lege hau aurrera aterako da gure taldea abstenitu egingo delako eta akordioak egon direlako norabide horretan", zehaztu du Alvarezek.

Kargu aldaketak

Horren aurretik hiru legebiltzarkide karguaz jabetu dira. Santiago Abascalek (PP) Carlos Urkijok utzitako lekua hartu du –Urkijo EAEko Espainiaren ordezkari izendatu dute–, Rakel Peñak (SA) Antton Morcillorena eta Joseba Permachek (SA) Araitz Zubimendirena. Azken biek "arrazoi pertsonalak" argudiatu zituzten kargua uzteko garaian.

Izendapenak egin ondoren, gai zerrendan ez zegoen eskari bat egin du Leopoldo Barreda PPko legebiltzarkideak. Atutxa presidenteari zuzendu zaio Barreda, SA taldea noiz desegin behar duen galdetuz. Galdera, aparteko istilurik sortu gabe, idatziz egiteko erantzun dio Atutxak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.