Politika

Legegintzaldi honetan "aldaketa progresista" gauzatzeko lan egingo dutela diote PSNko kritikoek

Iruñeko, Lizarrako, eta oro har, edialdeko PSNren elkarteeko kideek larunbatean eskualde batzordearen batzarrera eramateko testu bat hitzartu dute. Alderdia barrutik berritzeko apostua, "aldaketa progresista" legegintzaldi honetan gauzatzen saiatzeko konpromisoa eta PSNren eta PSOEren arteko harreman arau berriak ezartzea dira agiriaren hiru ardatzak.

2007ko abuztuaren 30a
15:55
Entzun
Iruñeko, Lizarrako eta, orokorrean, Nafarroako erdialdeko PSNren elkarteetako kide kritikoek batzarra egin dute bart Erriberrin, larunbatean eskualde batzordeak egingo duen bilerarako jarrera bateratua hitzartzeko. Hiru ardatzeko agiria onartu dute: batetik, alderdia "barrutik" berritzeko apostua egin dute, eta PSN utzi eta beste alderdi bat ez dutela sortuko agindu.

Bestetik, legegintzaldi honetan bertan "aldaketa politiko progresista" gauza dadin lan egingo dutela diote. "Alternatiba progresista Parlamentuaren agintealdi honetan gauza dadin lan egingo dugu, instituzioen egonkortasuna bermatuta", adierazi du Angel Garcia Undiano Iruñeko zinegotzi ohi eta sektore kritikoko kideak.

Azkenik, PSN eta PSOEren artean harreman arau berriak ezartzea proposatuko dute, arau horiek "Nafarroaren berezitasuna" aintzat har dezaten.

Hiru ardatz horiek zehazteaz gain, Carlos Chivite idazkari nagusiaren eta PSNko zuzendaritzaren lana gaitzetsi dute hitzartutako agirian.

Larunbatean egingo du PSNko eskualde batzordeak bilera, Nafarroako Gobernuaren osaketagatik alderdi barruan sortu diren ika-mikak aztertzeko. Erdialdekoek ez ezik, Nafarroako Erriberako 22 elkartek ere zuzendaritzaren kontrako jarrera agertuko dute, eta haien dimisioa eskatuko. Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkaria bileran parte hartzekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.