Nafarroako Gobernuak emandako ingurumen baimen bateratua baliogabetu zuen arren, Hidrocantabrico-Elerebroren Castejongo zentral termikoak argindarra ekoizten jarrai dezakeela ebatzi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Uko egin dio Erriberako zentral termikoen aurkako plataformak egindako eskaerari, alegia, epaia betearazteari.
Epaitegiak aintzat hartu ditu Hidrocantabricoren argudioak, eta onartu du kalte ekonomikoa eragingo liokeela jarduera eteteak; besteak beste, enpresak argudiatu zuen erosleen kontratuak galduko lituzkeela, eta 130 milioi eurorainoko kalteak paira litzakeela. Aldi berean, 50 lanpostukendu beharko lituzkeela ohartarazi zuen zentral termikoaren jabeak.
2007an emandako epaian Nafarroako auzitegiak Hidrocantabricoren bigarren zentral termikoari emandako jarduera baimena baliogabetu zuen, Nafarroako Gobernuak emandako ingurumen baimen bateratua ez zuelakolegezkotzat jo. Izan ere, zentral termikoa hirigunetik bi kilometrora baino gertuago dagoela argudiatu zuen auzitegiak.
«Zehaztu gabeko» kalteak
Zentral termikoen aurkako plataformak eskatu zion auzitegiari epaia betearazteko,haren jarduerak herritarren osasunean eta ingurumenean eragingo lituzkeen kalteak aipatuta. Auzitegiak, ordea, ez du aintzat hartu eskari hori, plataformak aipatzen dituen kalte horiek ez dituelako zehaztu eta zenbatu, eta modu orokorrean aurkeztu dituelako.
Plataformak gogor kritikatu du epaia, eta gogorarazi du ez zuela denborarik izan datuak zehazteko: «Guk izan ez genuen denbora haiek sobran izan dute gure eskariari ezetz esateko pasatu dituzten hamabost hilabete hauetan: iturri ofizialetara jo besterik ez zuten, ingurumen etaindustria ministerioetara, REEra, energiaren batzordera, Nafarroako Gobernura eta CHEra».
Plataformaren arabera, datuetan arakatu izan balu, auzitegiak jakingo luke «legez kanpo» jardun duen denboran milaka tona CO2, NOX eta beste hainbat gas kutsagarri isuri dituela zentral termikoak airera.
Auzitegiak dio plataformak ezingo lukeela bere gain hartu jarduera etete batek enpresari ekar liezazkiokeen kalteak ordaintzeko ardura. «Horrek frogatzen du justizia boteretsuen esku baino ez dagoela», adierazi du Jesus Maria Tomas plataformako bozeramaileak.
2007an, Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen Nafarroako Gobernuak zentral termikoari emandako ingurumen baimena. Eta, berriki, Madrilgo Auzitegi Nagusiak baliogabetu du Espainiako Ingurumen Ministerioak zentral termiko berari emandako jarduera baimena. Zentral termikoen aurkako plataformak jakinarazi du hurrengo egunotan azken auzitegi horri eskatuko diola epai hori betearazteko. Castejonen bi enpresak dituzte zentral termikoak: Iberdrolak eta Hidrocantabricok.
Legez kanpokotzat jo arren, termiko baten jarduera eteteari uko egin diote
Castejongo Hidrocantabricori eragingo liokeen kalte ekonomikoa argudiatu du auzitegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu