Nafarroako Parlamentuak zilegitasuna du Espainiako Gobernuak ezarritako osasun murrizketen aurkako helegitea aurkezteko. Horixe diote Nafarroako Parlamentukozerbitzu juridikoek. Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak eskatuta, txosten bat egin dute, eta ondorio hori atera dute.
Osasun murrizketak Espainiako Konstituzioaren aurkakoak direla uste dute Parlamentuko zerbitzu juridikoek, txostenean jaso dutenez: batetik, Nafarroak osasunaren esparruan dituen eskumenak urratzen dituztelako neurri horiek; bertzetik, ez delako argi gelditu murrizketa horiek jasotzen dituen dekretua urgentziaz eta ezohiko moduan onartzeko arrazoirik zegoenik.
Nafarroako Parlamentuko legelari nagusiak, hala ere, ez du iritzi bera agertu. Zerbitzu juridikoek egindako txostenaren osagarri, bertze bat sinatu du hark, «zalantzak» zituelako haren inguruan, eta argi utzi du, bere ustez osasunaren arloko murrizketek ez dutela eskumenik urratzen. Dekretua urgentziaz onartzeko beharra ez dela behar bezala justifikatu nabarmendu du, dena den, hau da, zerbitzu juridikoek osatutako txostenarekin bat egin du puntu horretan.
LABen proposamena
Osasunaren arloko murrizketen ondorioz lanpostuak galduko direla salatu dute sindikatuek hasieratik. LABek, hain zuzen ere, proposamen bat egin dio Osasun Departamentuari: kostuak igo gabe enplegua sortzeko eskatu dio. Aparteko orduak bazter uztea, eta ordu horiek ohiko lan jardunaldiekin betetzea proposatu dute, adibidez. Neurri horrekin 600 lanpostu sor daitezkeela uste du LABek.
Zentro pribatuekin egiten diren itunak bertan behera uztea da mahai gainean jarritako bertze neurrietako bat. Aurreztuko litzatekeen diruarekin mila lanpostu sortu ahalko lirateke, sindikatuaren ustez, eta bertze 200, borondatezko urte sabatikoa ezarrita.
Legez kontrako jo dituzte osasun mozketak
Nafarroako Parlamentuak uste du Madrilgo neurriak Konstituzioaren aurkakoak direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu