Europara iritsi nahian heriotza kausitzen duten atzerritarren inguruko albisteek ondorioak ekarri dituzte. Badirudi gobernu batzuk aztertzen ari direla euren legerietan aldaketak sartzeko aukera, eta Europako Batasunaren erakundeetara ere heldu da eztabaida. Baina proposatzen diren aldaketa gehienak ez daude zuzendurik migratzaileen segurtasuna eta egoera hobetzera; aitzitik, Europako hegoaldeko herrialdeen eta Afrikaren arteko mugetan txitean-pitean gertatzen diren hondamendien aurka, erantzunik ohikoena mugak gotortzea eta legeria gogortzea dela ematen du.
Espainia izan daiteke horren adibidea. Joan den otsailaren 6an Ceutako muga itsasoz zeharkatzen saiatzen ari zirela hamabost lagun hil zirenetik, hainbat neurri iragarri du Espainiako Gobernuak. Baina denak norabide berekoak. Ceuta eta Melillako burdin hesiak gotortuko dituzte, eta Melillako igarobideetan horretarako lanak hasi zituzten aurreko astean. Lanek bost hilabete iraungo dute, eta sartuko dituzten berrikuntzen artean sistema berezi bat egongo da, baimenik gabe sartzen ahalegintzen diren autoak indarrez geldiarazteko.
Zaintza ere trinkotuko dute, eta Guardia Zibilak helikoptero bat gehituko die Afrikako bi hiri horietan dituen indarrei. Dagoeneko, Poliziaren esku hartze azkarreko taldeko berrogei bat agente iritsi dira Sevillatik (Espainia) Ceutara, han dauden guardia zibilei laguntzera kontrol lanetan.
Zuzeneko kanporatzeak
Legearen arloari dagokionez, Espainiako Barne Ministerioak iragarri du datozen hilabeteetan aztertuko dituela Espainiaren menpeko lurraldeetara paperik gabe iristen diren etorkinak zuzenean kanporatzeko moduak. Alde horretatik, Atzerritartasun Legea argia da: baimenik ez duen atzerritar bat atzemanez gero, polizia etxera eraman behar dute, han identifikatu eta kanporatzeko auzibideak abiarazteko, eta prozesu horretan defentsa juridikoa edukitzeko eskubidea dauka migratzaileak. Hala jokatu beharko lukete Poliziak eta Guardia Zibilak Espainiako Erresumaren lurraldea zapaltzea lortzen duen edozein etorkinekin.
Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da: giza eskubideen aldeko zenbait elkartek salatu dute oso ohikoa dela Ceutan eta Melillan paperik gabeko etorkin bat harrapatzen dutenean zuzenean Marokoko Poliziaren esku uztea baldin eta atxilotzen dutenek ziurtasun osoa badute etorkina Marokotik iritsia dela. Elkarte horien arabera, 5.000 etorkin inguru kanporatu dituzte azken hamabi urtean bide hori erabilita, eta iturri batzuek diote kopuru hori askoz handiagoa izan daitekeela.
Etorkinak unean bertan kanporatzeko jokabide hori legaltasunaren ertzean dago, aditu batzuen iritziz, eta guztiz ilegala da, beste zenbaiten ustez. Barne Ministerioaren asmoa da ikustea ea legeriak zirrikituren bat uzten duen zuzeneko kanporatze horiek egin ahal izateko.
Baina Espainia ez da salbuespena. Etorkinen kontrako haizeak gogor jotzen du Europa osoan, joan den otsailaren 2an Suitzan egindako herri galdeketaren emaitzek erakutsi zutenez. Erreferendum horretan, immigrazioa mugatzeko kuotak ezartzea onartu zuten suitzarrek, baita Europako Batasuneko herrialdeetatik joandako migratzaileentzat ere. Erabaki horrek Europako Batasuna asaldatu zuen. Europatik kanpoko etorkinei mugak jartzen dizkieten Europako agintari ber-berek "pertsonen mugitzeko askatasun sakratua" aipatu zuten orduan.
Suitzan gertatutakoa joera orokorrago baten barruan koka daiteke. Erresuma Batuan, esaterako, aspaldi hasi zen norgehiagoka, etorkinen kontrako neurririk gogorrena zeinek proposatuko. UKIP Erresuma Batuko Independentziaren Alderdiaren gorakadak eta beronek Europako Parlamenturako hauteskundeetan lor dezakeen arrakastak dardarka jarri ditu kontserbadoreak zein liberal-demokratak, eta bi alderdi horiek erantzun egin dute, etorkinen kontrako mezuak gogortuz.
Mezuetatik ekintzetara ere pasatu da David Cameron buru duen gobernua. Theresa May Home Office edo barne auzietarako ministroak, askoren ustez Cameronen ordezko izan daitekeenak Alderdi Kontserbadorearen buruzagitzan, immigrazioa arautzeko lege egitasmo bat atondu du, Komunen Ganberan zein Lordenean egin behar duen ibilbidea dagoeneko hasia duena, eta espero da udaberrirako onarturik egongo dela. Egitasmoaren xedea argia da: Europako Batasunetik kanpoko etorkinen kopurua 100.000ra jaistea 2015erako. 2012ko amaieran, 176.000 inguru ziren Europako Batasunetik kanpoko herrialdeetatik iritsitako etorkinak.
Xede hori lortzeko, neurri gogorrak proposatzen ditu Mayk lege egitasmoan. Atzerritar bati etxebizitza alokatu nahi dioten Erresuma Batuko etxejabeek ziurtatu beharko dute maizterrek baimena dutela herrialdean egoteko. Berdin egin beharko dute bankuek, Europako Batasunetik kanpoko herritar batek kontua ireki nahi baldin badu. Hori egin ezean, isunak jarriko dizkiete. Delituren bat egiten duten atzerritarrak egozteko bideak erraztuko dituzte, eta legezko egoeran dauden etorkinei ere zerbitzu batzuk murriztu edo zerbitzu horiek jasotzeagatik ordaintzea eragingo diete.
Neurri horiekin batera, kanpaina bat abiarazi du Erresuma Batuko Gobernuak, baimenik ez duten etorkinei ohartarazteko. Giza eskubideen aldeko zenbait elkartek kezka azaldu dute, kanpaina horretan erabiltzen den tonu iraingarri eta erasokorra dela eta. Izan ere, kanpaina sustatzeko Erresuma Batuko kaleak zeharkatu dituzten furgonetetan honako lelo hau agertzen zen: "Legez kanpo al zaude Erresuma Batuan? Zoaz etxera, edo aurre egin atxiloaldiari", eskualde horretan aurreko astean atxilotutako etorkinen kopuruarekin batera.
Hala eta guztiz ere, badirudi horrelako neurri eta leloak ez direla nahikoak, zenbaiten aburuz. Eta gogortasun handiagoa eskatzen dutenetako batzuk Alderdi Kontserbadorean bertan dituzte Cameronek eta Mayk. Lege egitasmoa Komunen Ganberan eztabaidatu zenean, Dominic Raab diputatu kontserbadoreak zuzenketa bat proposatu zuen, giza eskubideen inguruko arautegia ez aplikatzeko herrialdetik egotzi nahi dituzten atzerritarren kasuan.
Mayk diputatuei ohartarazi zien proposamen hori ez zela legezkoa eta, onartzekotan, Estrasburgoko Auzitegian amaitzeko aukera handiak zeudela. Alferrik. Alderdi Kontserbadoreko ehun bat diputatuk erronka jo zieten euren alderdiko buruzagiei, eta Raaben proposamenaren alde bozkatu zuten. Azkenean, zuzenketak ez zuen aurrera egin, laborista eta liberal-demokraten kontrako botoei esker.
Babes neurriak
Gertaera horiek guztiek nahiko egoera deserosoan jartzen dituzte Europako Batasuneko erakundeak. Europako Parlamentuko Askatasun Zibilen Batzordeak, esaterako, hainbat neurri proposatu ditu migratzaileen eskubideak babesteko. Besteak beste, agiririk ez daukaten etorkinekin jarraitu beharreko prozedura bat ezarri nahi dute, berehalako kanporatze zuzenak saihesteko, eta legezko babesa eman nahi diete itsasoan arrisku larrian dauden etorkinei laguntzen dietenei. Italian, esaterako, delitua da txalupetan nora ezean ibiltzen diren migratzaileei lagundu eta lehorrera eramatea.
Asmo onez beteriko neurriak dira Batzordeak proposatutakoak, baina, orain, Europako Parlamentuak onartu behar ditu, eta, ondoren, Europako Batasuna osatzen duten estatuek ere oniritzia eman behar diete neurriei. Oso litekeena da bide horretan proposamena urardotzea, kontuan hartuta bertako zenbait neurri Espainia, Italia eta beste hainbat estaturen ohiko jokabidearen kontrako bidean doazela.
Abagunea, gainera, ez dute alde. Maiatzean, Europako Parlamenturako hauteskundeak izango dira, eta ez dirudi hauteskundeen aurreko garaia egokiena denik sakoneko aldaketak onartzeko. Lampedusako hondamendia gertatu zenean, Europako Batasunak erabaki zuen hobe zela eztabaida hauteskundeen osteko garaira atzeratzea, kanpaina ez narrasteko.
Ikusteko dago nolako Parlamentua ateratzen den hauteskundeetatik. Zenbait adituk aurreikusten dute abstentzio handia, ohiko alderdi nagusien porrota eta eskuin muturraren gorakada gerta daitezkeela hauteskundeetan. Hala balitz, badirudi etorkinen kontrako haizeak gogor jotzen jarraituko lukeela luzaroan.