Legezko immigrazioari ateak ixtearen aurka agertu da Jaurlaritza

Jatorrizko herrietako lan kontratuak ezabatuz legez kanpoko immigrazioa gehituko dela uste du

Erredakzioa
2008ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Atzerritarrak lanera etortzeko jatorrizko herrietan orain arte sinatu diren lan kontratuak ezabatuz gero, legez kanpoko immigrazioa handitu egingo dela uste du Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Zuzendaritzak. «Atzerakada ekonomikoak geldituko ez dituen migrazio emariak desorekatuagoak izango dira, eta arautu gabeko immigrazio gehiago egongo da», Immigrazio Zuzendaritzak dioenez. Espainiako Lan eta Immigrazio ministro Celestino Corbachok herenegun iragarri zuen, 2009an jatorrizko herrietan «zero» lan kontratu sinatzea espero duela.Hainbat lanen etorkizuna etorkinen esku dagoela defenditu du Immigrazio Zuzendaritzak, «bertako biztanleek» uko egiten dietelako lan horiei. Adineko pertsonen eta haurren zaintza, arrantza eta nekazaritza egoera horretan daudela uste du, esaterako.

Jatorrizko herrietako kontratuak ezabatuz ekonomiaren atzerakada eta immigrazioa parekatzen direla nabarmendu du Immigrazio Zuzendaritzak: «Guztiz bidegabea da ekonomiaren atzerakadari aurre egiteko neurri zehatz bakarrak, biztanleria immigranteari kalte egitea». Arriskua non dagoen ere zehaztu du Immigrazio Zuzendaritzak: «Bertako biztanleek etorkinak baztertzera bultzatzen ditu neurri honek».

Legezko bide bakanetakoa

Orain arte, atzerritik Hego Euskal Herrira edo Espainiara bizitzera eta lan egitera legez etortzeko modu bakanetakoa izan da jatorrizko herrian lan kontratua sinatzea. Proposamena PSOEren Gobernuak egin zuen, aurreko legealdian, baina Corbacho ministroak bestelako ustea du: «2,5 milioi langabe edukita, ez dute zentzurik jatorrizko herrietako lan kontratuek». Datorren urtean batere ez sinatzea espero du. Lan berezietarako edo nazioarteko hitzarmenen ondorioz sinatutako lan kontratuak mantenduko dira. Corbachok dagoeneko jaso ditu PPren eta IUren kritikak, baina atzo babestu egin zuten proposamena, bai Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak, bai Immigrazioko Estatu Idazkari Consuelo Rumík.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.