Sortu-ren erregistroa

"Legezko izateko eskubidea dugu"

Sortu alderdi berriaren bultzatzaileek goizean egin dute erregistroa Espainiako Barne Ministerioan, "eragozpenik gabe", eta legeztatzea eskatu dute. "Hau da bakerako bidea", esan du Bill Bowring Demokraziaren eta Giza Eskubideen aldeko Europako Abokatuen elkarteko presidenteak prentsaurrekoan, Madrilen. Alex Maskey Sinn Feineko kideak ere "aukera baliatzeko" eskatu dio Espainiako Gobernuari. Iñaki Zabaletak dio euren burua laguntzaile gisa ikusten dutela.

2011ko otsailaren 9a
18:03
Entzun
Sortu alderdi politiko berriaren sustatzaileek goizean egin dute haren erregistroa Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren egoitzan, Madrilen, eta Iñaki Zabaleta sustatzaileetakoak eguerdiko prentsaurrekoan esan du "eragozpenik gabe" joan direla kontu administratibo denak. Atzo bezala, nabarmendu du Sortuk Espainiako Alderdien Legea "erabat" betetzen duela. "Beraz, legezko izateko eskubidea dugu". Legeztatzea eskatu du, ondorioz.

Goizean joan dira hara Euskal Herritik, eta Ministeriora iritsi direnean 70 kazetari inguru zituzten atarian zain.

"Hau da bakerako bidea", adierazi du eguerdian Bill Bowring Demokraziaren eta Giza Eskubideen aldeko Europako Abokatuen elkarteko presidenteak Sorturen aurkezpenean -12:50etan hasi dute hedabideen aurreko agerraldia-. Ondorioz, "Espainiako agintariek aukera hau baliatu egin beharko lukete, ausardia erakutsiz, Erresuma Batuak 1997an Irlanda iparraldeko gatazkarekin egin zuen bezala".

Ezker abertzalearen apustua aurrera daramatenek "adorea" erakutsi dutela esan du Bowringek. Alderdi berriak "indarkeria mota denak errefusatu" egiten dituela azpimarratu du, eta "zehazki" ETAren indarkeria baztertzen duela. "Urrats kualitatiboa da Euskal Herriak autodeterminazio eskubidea lortzeko borrokan". Erresuma Batukoa da Bowring, eta gogoratu du han Eskozia, Irlanda iparraldea eta Gales ere "autodeterminazioaren borrokan" dabiltzala.

Alex Maskey Sinn Feineko kidea ere mintzatu da Madrilgo prentsaurrekoan. "Zorionak" eman dizkie proiektu berrian parte hartzen ari diren lagunei, eta hark ere Espainiako Gobernuari eskatu dio "aukera baliatzeko".

Estatutuak

Estatutuei dagokienez, Zabaletak agerraldian atzo Bilbon sustatzaileek esandakoa berretsi du: indarkeria baztertzen dutela -"zehazki ETArena"-, euskal estatua lortzeko proiektua dela, barne antolaketa demokratikoa duela, ezker abertzaleko "iraganeko antolaketarekin haustura" suposatzen duela Sortuk, euskara ardatz hartuko dutela, sozialista direla, aliantza zabalak erdietsi nahi dituztela... "Egitasmo berria da. Sinesgarritasuna irabazteko aukera emateko baino ez dugu eskatzen".

05:30ean abiatu dira bultzatzaileak Gasteiztik hara, bi autotan, eta Maskey eurekin joan da bidaian. "Momentu historikoa da hau Euskal Herriarentzat", esan dio Maskeyk BERRIA.INFOri Madrilera bidean zela. Zabaleta oso gustura agertu da atzo Bilbon egindako agerraldiarekin, eta jendearen babesa jaso dutela gaineratu du. "Guk gure burua laguntzaile gisa ikusten dugu".

Madrilera 10:30ean heldu dira, eta erregistroaren ondoren ekin diote prentsaurrekoari, hotel batean. 13:23etan bukatu da. Hoteleko aretoa bete egin da. BERRIA.INFOk zuzenean eman du agerraldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.