«Ahul» dago Espainiako Estatua. Ezker abertzalearen ustez, horixe erakusten du Espainiako Auzitegi Gorenak Sorturi legezko izatea debekatzeak. Konfrontazio demokratikoari eta eztabaida politikoari «beldurra» dionez, «errepresioaren hatzak» erakustea leporatu dio, «Euskal Herrian hasi den aro berria galdatzeko eta bahitzeko» asmoz. Alferrik ari dela abisu eman dio ordea Espainiari, eta bide horri betiko ezingo diola eutsi ohartarazi dio. «Lehenago edo beranduago, herri honen demokrazia eskaerari demokraziarekin erantzun beharko dio», esan du Marian Beitialarrangoitiak, Hernaniko alkateak.
«Gehiago edo gutxiago kostatuko zaigu, baina Euskal Herriaren ibilbideak ez du bueltarik». Euskal gizartearen gehiengoak legeztatzearen eta agertoki demokratikoaren aldeko apustua egin duela azaldu du, eta agertoki hori gizarteak berak lortuko duela. «Denbora kontua besterik ez da, herri honek gaindituko du traba hori ere».
«Bortizkeria lehen lerroan» jarri du Espainiak, ezker abertzaleak atzo Donostian emandako prentsaurrekoan salatu zuenez. Orain arte bezala, konfrontazio ildoan jarraitu nahi izatea egotzi dio, eta horretarako arrazoia zein den ere esan du: «Eskaintza politikorik ez dauka herri honentzat, inposizio eta eskubide urratzeaz harago». Beitialarrangoitiak euskaraz hitz egin zuen, eta Txelui Morenok gaztelaniaz. Haiekin batera ziren Rufi Etxeberria, Miren Legorburu, Agurne Barruso, Tasio Erkizia eta Maider Ziganda.
Ezker abertzaleak«politikotzat»jo duen erabaki horren erantzukizuna PSOEri egotzi dio. «Demokrazian eta eskubideen alorrean zaindu beharreko oinarriak eta formak erabat galdu ditu». Erabakiak PSOE-PP estrategiaren «porrota» erakusten du, Beitiarrangoitiaren iritziko, eta «PPren morrontzan» egotea leporatu dio Espainiako Gobernuan dagoen alderdiari. «Presioen aurrean makurtu» egin dela nabarmendu du, eta Gorenaren erabakia «baldintzatzea» ekarri duten «erasoen bateria» abiatzea aurpegiratu dio.
Espainiako Estatua Euskal Herriaren begietara «inoiz baino deslegitimatuago» dagoela azpimarratu du ezker abertzaleak. Euskal gizartearentzat erabaki «ulergaitza» izan dela uste baitute. «Oraindik eta gehiago handitzen du Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko distantzia».
Gehiengoaren txanda
Euskal gizartearen «gehiengo sozial, sindikal eta politikoa» ezker abertzalearen legeztatzearen eta eszenatoki demokratikoaren alde dagoela nabarmendu du ezker abertzaleak. «Bukatu da. Eszenatoki demokratikoa nahi dugu».Gehiengo horren jarrera txalotu du, eta atarian dauden herri eta foru hauteskundeei begira, honako mezua eman die: «Bitartekoak Madrilek ziurtatzen ez baditu, garai berrien alde egiten duen herri honen ordezkaritza politiko zabal eta anitzari dagokio egoera honi aurre egitea, Madrilek hartu duen erabaki politikoari politikoki eta herri gisa erantzutea». Izan ere, legalizazioaren auzia ezker abertzalearen auzia ez ezik Euskal Herri osoaren auzia ere badela uste baitu.
Patxi Lopezi ere zuzendu zaio ezker abertzalea. Azken egunetan egin dituen deklarazioei erreferentzia egin dio, Lopezek joan zen astean honakoa esan baitzuen, besteak beste: «Demokrazia ezin da egunero baldintza berriak asmatzen ibili». Orain bere alderdia mugiarazteko ezer egiteko asmorik ez al duen galdetu dio. «Atzean geratzen» ari dela ohartarazi dio; «hitz hutsalen terrenoan galduta, eta herri honen nahiari bizkarra emanez».
Sorturen legeztatze prozesua. Erreakzioak
Legeztatzea denbora kontua dela dio ezker abertzaleak; «atzera bueltarik ez dago»
Egoerari aurre egitea «herri honen ordezkaritza politiko zabal eta pluralari» dagokiola adierazi du BeitialarrangoitiakEuskal Herriko «fase politiko berria» ez duela apurtuko ohartarazi dio Espainiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu