Hondakinak

Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon bikoiztu egin da birziklatze tasa

Hiru aste igaro dira herri horietan hondakinak atez ate biltzen hasi zirenetik, eta %72 eta %88 artean birziklatzea lortu dute. Sasieta Mankomunitatea "oso pozik" dago emaitzekin.

ainara arratibel gascon
2013ko apirilaren 16a
12:51
Entzun

Hiru aste igaro dira Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon (Gipuzkoa) hondakinak atez ate jasotzen hasi zirenetik, eta Sasieta Mankomunitateak emandako datuen arabera, birziklatze tasa bikoiztea lortu dute hiru herri horietan. %30-%40 birziklatzen zuten lehen, eta %80tik gertu daude orain. Itsasondoren kasuan, %88ra iritsi dira. «Sortzen dugun hondakin kopuru izugarriari irtenbidea emateko lanean dihardugu azkenaldian, eredu iraunkorrago baten alde egin nahian. Gure ahaleginak eman ditu lehen fruituak. Emaitzak oso onak dira», adierazi du Azeari Andonegik, Sasieta Mankomunitateko lehendakariak. Ziur da, gainera, datu horiek hobetuz joango direla. «Aste Santua tartean egon da, eta jendea ohitzen joan ahala, joera beti da hobetzen joatekoa».

Datuak herriz herri aztertuta, Legorretak %33tik %72ra igo du birziklatze tasa. Bakartxo Mendez alkatea pozik dago emaitzekin. «Gustura gaude. Hasi besterik ez gara egin, eta hondakinen %72 birziklatzea izugarria da. Herritarrak asko inplikatu dira». Sistemarekin bat egin ez dutenei deia egin die. «Herria zikintzen eta lana ondo egiten ari diren herritarren ahalegina zapuzten ari dira. Ingurumena eta herritarrak errespeta ditzatela eskatuko nieke».

«Harro» dago herritarren jarrerarekin Joxean Etxabe, Zaldibiako alkatea. Gainera, zabor organikoa herrian bertan kudeatzeko egiten ari diren lana gogorarazi du. «Autokonpostaren eta auzokonpostaren bidez egiten ari gara. Une honetan 89 familiak egiten dute, eta gero eta herritar gehiago ari da etortzen informazio eske. Herritar guztiak animatu nahi ditut bide horretan jarraitzera".

Itsasondok %88 birziklatzea lortu du. Lehen antzeko emaitzak lortzen zituen, baina Asier Garro alkateak herritarren parte hartzean emandako pausoa nabarmendu du. "Jende berria erakarri dugu. Familia asko batu dira sistemara".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.