Legutioko (Araba) atzoko atentatua salatzeko bilkurak egin dituzte gaur 12:00etatik aurrera erakunde publikoen aurrean, eta Legutioko plazan ehun lagun bildu dira, pankartarik gabe. Ordu laurdenez egon dira elkarretaratzean, Pedro Berriozabal (EA) alkatea buru zutela. Han izan da, halaber, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegu eta Lan sailburua.
Gasteizen Eusko Legebiltzarrean egin duten elkarretaratzean aurretik hiletetan izandako agintari gehienek parte hartu dute. Terrorismoaren biktimen monumentuaren ondoan lore sorta elkarrekin jarri dute guardia zibil batek eta ertzain batekin. Bilkuran izan dira, besteak beste, Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordea, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Javier Rojo Espainiako Kongresuko presidentea, Gaspar Llamazares IUko koordinatzaile nagusia eta Maria San Gil EAEko PPko presidentea.
Arabako hiriburuan bilkura jendetsuagoa izan da Espainia plazan egin dutena. Arabako Foru Aldundian eta Lakuan ere egin dituzte.
Donostian Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarretaratze bakarra egin dute, eta aurrerantzean ere hala egingo lituzketela adierazi dute. Han zen Markel Olano ahaldun nagusia; Odon Elorza alkatea Parisen dago, eta Susana Corcuera alkateordeak ordezkatu du bilkuran. Joseba Egibar (EAJ), Ernesto Gasco (PSE-EE), Iñaki Galdos (EA), Antton Karrera (EB) eta Maria Jose Usandizaga (PP) ere han izan dira.
Iñaki Azkuna Bilboko alkateak Bizkaiko hiriburuan egindako bilkuraren ondoren esan du "lehentasuna ETA bukatzea" dela. Bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea eta Jose Antonio Ardanza Jaurlaritzako lehendakari ohia. Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean ere egin dute bilkura, Jose Luis
Bilbao ahaldun nagusia buru zutela.
Iruñeko Udalak atentatuaren gaitzespen mozioa onartu du. UPN, PSN eta Nafarroa Bai horren alde azaldu dira, eta EAE-ANV abstenitu egin da.
Atzo ehun kilotik gora zituen bonba-autoa lehertarazi zuen ETAk Guardia Zibilaren kuartelaren atarian. Ondorioz, Juan Manuel Piñuel 41 urteko guardia zibila hil eta kuartelean bizi ziren lau lagun zauritu ziren. Lau horien osasun egoera hobera ari da egiten.
Eztandak Legution kalteak eragin zituen. Esaterako, kuartel ondoko errepideak gaur itxita segitzen du.
ETA amaitzeko "biderik emankorrena politika egitea" dela nabarmendu du Azkaratek
ETAk jardun armatuarekin aurrera segitu eta atzokoa bezalako atentatuak egin arren, alderdiek elkarrizketa lantzen eta akordio politikoa lortzen ahalegindu behar dutela nabarmendu du Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Hots, atzo Juan Jose Ibarretxe lehendakariak plazaratutako argudioak berretsi ditu.
"ETAri zerbaitek min egiten badio da erakustea politika egin dezakegula. Zerbaitek mesede egiten badio, zerbaitek harro badezake, eta zerbaitek puztu badezake, da erakustea politika egiteko bera dela, azkenean, erabakia hartzen duena. Noiz utzi politika egiten eta noiz itxi politikaren atea", esan du Azkaratek. "Benetan sinetsita nago ETA amaitzeko biderik emankorrena izan daitekeela politika egitea eta akordio politikotarako ahaleginak egitea".
Bide hori hartu ezean, alderdiek herritarrekin duten konpromisoari muzin egiten diotela uste du, gainera, Jaurlaritzako bozeramaileak. "Bestela egunero erakusten ari gara gure etorkizuna, eta batik bat, herri honetan alderdi politikoek duten politika egiteko ez bakarrik gaitasuna, baizik eta konpromiso eta obligazioa, hori ETAren esku uzten dugula. Hori da egin dezakegun hanka sartzerik handiena".
Hiletak
Hildako guardia zibilaren hiletak gaur goizean egin dituzte Gasteizko katedral berrian. Agintari ugarik parte hartu dute, besteak beste, Ibarretxek, De la Vegak, Carme Chacon Espainiako Gobernuko Defentsa ministroak eta Espainiako erregearen oinordeko Asturiaseko printzeak.
Ondoren, Malagarantz (Espainia) abiatu dute Piñuelen gorpua; han bizi zen.
ETAren atentatua Legution
Legutioko atentatua salatzeko bilkurak egin dituzte
Gaur goizean Gasteizen egin dituzte Juan Manuel Piñuel guardia zibilaren hiletak. Zauritutako lau lagunen osasun egoerak hobera egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu