Asteartean erabili ziren lehenbizikoz euskara, galiziera eta katalana Espainiako Senatuan. Ganberaren funtzionamenduaren araudia aldatzearen ondorioz, hizkuntza koofizialetan egitasmoak aurkezteko aukera dute parlamentariek. Alderdi Popularrak izan ezik, erabaki horren alde bozkatu dute CiUk, EAJk, ERC-IU-ICVk, PSOEk, BNGk eta NaBaik.
Erabakia aurrera eramateko, zazpi itzultzaile eta itzulpen automatikoez baliatzeko ehunka entzungailu gehitu zaizkio Senatuari. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak erabakiari zuzen deritzo, hizkuntza horiek guztiak «Espainiakoak» baitira. Soraya Saenz de Santamaria Kongresuko PPko bozeramailearen iritziz, hartutako neurria «zentzugabea» eta «garestia» da. Izan ere, bilera bakoitzean 12.000 euro bideratuko dira itzultzaileen lanetara. «Dirua gastatzeko era egokiagoak daude», adierazi du.
Josu Erkoreka (EAJ) eta Pere Macias (CiU) ez dira bat etorri PPkoen argudioarekin: «Garrantzi gutxiko gastua da: ez da Senatuaren aurrekontuaren %1 baino gehiago ere». Hargatik, Erkorekak uste du Senatuan gertatu bezala litekeena dela Kongresuan ere urrats hori egitea.
Jeltzaleak oso pozik daude egindako urratsarekin: «Albistea pozgarria da, Espainian aniztasuna eta sistema demokratiko aurreratu bat dagoela adierazten baitu».
Gazpar Llamazares IUko bozeramailearen aburuz, «logikoa» da hizkuntza koofizialen alde emandako pausoa. «Kongresuko eztabaidetan hizkuntza hauen erabilerak ez luke eskandalu izan behar». Mariano Raxoi PPko buruaren arabera, «estatu normal batean» ez litzateke halakorik pasatuko. Llamazaresek adierazi du Raxoi «herriz» erratuta dagoela: «Hizkuntza bakarreko lurralde batean arrazoia izango luke, baina dituen hizkuntza, nortasun eta autonomia erkidegoengatik, Espainian ez».
Iñaki Anasagastirentzat (EAJ), autonomia erkidegoek osatutako estatua Espainian ez dela onartzen adierazten du eztabaidak. Alabaina, euskarari zabaldutako bidea ohoretzat du. «Euskara ezagutu eta errespetatu beharreko hizkuntza da. Jatorri ezezaguna izan arren, ez dugu haren desagerpenaren lekuko izan nahi».
Era berean, gogor kritikatu du Asturiasko printzeak Gabonetako mezua gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez egin izana: «Hizkuntza koofizialetan eginbeharko lukete, autonomia erkidegoek ordaintzen dietelako soldata».
Nazioartea eredu
Alderdi gehienek Kongresuan ere neurri bera ezartzea eskatu dute. Joan Ridao Esquerra Republicanako kideak adierazi du Indian hogei hizkuntza erabiltzen dituztela parlamentuan, eta Suedian lau. «Ez dut ulertzen sortu den iskanbila».
Gorka Maneiro Eusko Legebiltzarreko UPyDko parlamentariak, aldiz, kalteak ikusi dizkio hautuari: «Espainiar politikak berdintasun eta kohesioa bultzatu beharrean herritarrak desberdindu eta banatzen gaituen tresnak abian jarri ditu».
Bide beretik, Juan Van Halen PPko senatariak esan du Espainia ez dela eleaniztuna: «Belgikan edo Suitzan ez daukate hizkuntza komunik. Espainian bai, gaztelania. Konstituzioa da herritarrek gaztelaniaz jakin eta erabili behar dutela dioena».
Lehen aldiz erabili dute euskara Senatuan, eta PPk gogor kritikatu du
Senatuan onartu bezala, katalana, euskara eta galiziera Kongresuan ere erabiltzea eskatu dute hainbat alderdik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu