Duela 30 urte GALek hildako Santi Brouard Herri Batasuneko buruzagiaren omenez, bost minutuko isilunea egin dute Eusko Legebiltzarreko talde guztiek. Brouarden irudi baten eta suontzi baten inguruan bildu dira parlamentariak, Gauerdiko Iparrorratza eskulturaren aurrean. Eusko Legebiltzarrak GALen biktima bati egindako lehen omenaldi ofiziala izan da. Duela bost urte, edonola, HBko buruzagia oroitzeko adierazpen instituzionala onartu zuen legebiltzarrak. Hilaren 27an, bestalde, Brouarden omenezko plaka jarriko dute Eusko Legebiltzarrean bertan, hildako beste hiru legebiltzarkideekin batera.
1984ko azaroaren 20an hil zuen GALek Brouard, bere Bilboko mediku kontsultan. Bi mertzenario kontsultan sartu eta tiroz hil zuten HBko kidea. Eusko Legebiltzarrerako hautatu berria zen Brouard, baina ezin izan zion karguari hasiera eman.
Gaur, gainera, 25 urte bete dira Josu Muguruza Herri Batasuneko diputatua hil zutenetik. Madrilen hil zuten Muguruza, HBko beste parlamentariekin batera Diputatuen Kongresurako lana prestatzen ari zela, Alcala hotelean. Gaur, larrosa banakin sartu dira Amaiurreko diputatuak Kongresuko aretora, Muguruzaren omenez. Rafa Larreina diputatuak, bere hitartzean, gogoan izan du Muguruza. Diputatuen Kongresuak 25 urteetan zehar mantendutako "isiltasuna" salatu du, eta urte horiek "oroimen, aitortza eta errespetu bihurtu" daitezela eskatu du. Gainera, biktimentzat "egia, justizia eta erreparazioa" ere eskatu du Larreinak, "injustiziak salbuespenik gabe konpondu" behar direla esanez. Hain zuzen ere, Muguruzarekin batera, Brouard eta azaroaren 20ko egunez ETAk hildako bi polizia eta guardia zibil bat ere gogorarazi ditu Amaiurko diputatuak.
Muguruza eta Brouard, biak omentzeko, lore eskaintzak izango dira: Bilboko Ametzola plazan bata, 12:00etan, eta Errekaldeko plazan bestea, 12:30ean.