Burkadunei jazartzen lehenbiziko egunetik hasi da Frantziako Polizia. Atzotik indarrean da Frantzian burua estaltzen duten erlijio jantziekin kalean ibiltzeko debekua. Ipar Euskal Herrian ere eragiten du. Hiru pertsona atxilotu zituzten atzo Parisen, jantzi horiekin zihoazela, protesta batean.
Aurreko udazkenean legea onartuta, sei hilabeteko epea jarri zuen Frantziako Gobernuak hura betetzeko. Atzo amaitu zen aldia, eta Polizia burkak eta era horretakoak jantzita eramaten dituztenen atzetik hasi da. Hiru pertsona atxilotu zituen atzo bertan, Notre Dame katedralaren aurrean, protesta egiten ari zirela. Poliziaren arabera, legez kanpo ari ziren elkarretaratzea egiten; haien esanetan, ordea, bazuten baimena. Legearen arabera, 150 euroko zigorra ezarriko diote kalean burkarekin ibiltzen denari; hura eramatera norbaitek behartu badu, hari bi urteko espetxea eta 60.000 euroko isuna ere jar diezaiokete.
Aurpegia estalita ezin ahalko dira ibili kalean musulmanak, baina poliziek ezingo diete kendu. Legearen arabera, aurpegia agerian jarri nahi ez dutenak polizia etxera eraman beharko dituzte, eta han identifikatu. Polizien sindikatuek salatu dute ezinezko izango zaiela legea betearaztea.
Gobernuak erantzun du bete egingo dutela herritarrek legea, nahiz eta onartu duen zaila izango dela. «Jokoan dauden printzipioak oso dira garrantzitsuak», esan du Claude Guenat Barne ministroak. Nicolas Sarkozy presidenteak dio debekuarekin «emakumearen duintasuna» babestu asmo dutela Frantzian.
Lehen egunetik hasi da Frantzia burkadunen atzetik
Kalean burkarekin ezin daiteke ibili atzoz gero, eta hiru lagun atxilotu dituzte; Iparraldean ere eragiten du lege horrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu