Lehen entzierroa, azkarra eta garbia

Sanferminetako lehen entzierroa azkarra eta garbia izan da. Ez da adarkaturik egon eta zezen saldoa nahiko batua joan da ibilbidean  zehar. Taldea zezen plazara sakabanatua iritsi arren, berehala sartu da plazako ukuiluan. Lau lasterkari eraman dituzte Nafarroako Ospitalera, kolpeak jasota.

2011ko uztailaren 7a
15:30
Entzun

Estatistikak ez dituzte bete Torrestrella (Cadiz, Espainia) ganadutegiko adardunek eta ez dute inor adarkatu sanferminetako lehen entzierroan. Santo Domingo aldapa ziztu bizian igo dute. Zezen beltz batek hartu du taldearen gidaritza eta Udal plaza baturik igaro dute.

Merkadereseko bihurgunea ere elkaturik pasa dute baina Estafeta kalean taldea sakabanatu  eta luzatu egin da. Orduan ikusi dira lasterketa politak baina arriskutsuak ere. Pilaketak egon dira eta lasterkari askok zezenak ukitzen zituzten arren, zezenek ez dute ekiteko imintziorik egin.

Telefonicako zatian taldea iladan sartu da zezen plazara. Lehenak iristen bi zezen beltz izan dira eta atzetik etorri dira besteak joaldunekin batera. Dena dela, joaldun bat bidean gelditu da erorita eta ezin altxaturik. Unaiek lagundu behar izan dute ukuiluraino.

Lau zauritu, baina adarkadarik ez

Nafarroako Ospitaletako arduradunek azaldu dutenez, lau pertsona zauritu dira gaurko entzierroan, baina bakar bat ere ez adarkada jasota. Ez dira zauri larriak. Merkaderesen 35 urteko panamar bat zauritu da, sudurrean kolpe bat hartuta. Estafeta kalean bi espainiar zauritu dira, batek, 26 urteko gazteak, kolpea hartu du saihetsean; besteak, 40 urteko gizonak hainbat fraktura ditu saihetsean eta eskuineko sorbalda hezurrean. Telefonicako zatian beste espainiar batek kolpea jaso du begian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.