EPAIKETAK

Lehen epaiketako bertsioari eutsi dio Aginagaldek

Isaias Carrasco hiltzea egotzita epaitu zuten Beñat Aginagalde, eta errugabetzat jo, froga faltagatik. Gorenak berriz epaitzeko agindu zuen, fiskalaren eta familiaren helegite bana aintzat hartuta. 

Beñat Aginagalde, Auzitegi Nazionalean, iazko ekainean. VICTOR LERENA / EFE
2015eko ekainaren 22a
17:44
Entzun

2008ko martxoaren 7an hil zuten Carrasco PSEko zinegotzi ohia Arrasaten (Gipuzkoa), tiroz. Beñat Aginagalde epaitu eta errugabetu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak iazko ekainean, haren aurka aurkeztutako frogak ez direla nahikoak ebatzita.

Fiskalak eta Carrascoren senideek helegitea aurkeztu zuten, ordea, eta onartu egin zuen Auzitegi Gorenak urtarrilean. Hori horrela, Auzitegi Nazionalean epaituko dute berriro, baina beste epaile batzuek; hain zuzen, Alfonso Guevara, Carmen Lamela eta Clara Bayarrik.

Epaiketan adierazi zuenez, 2008ko martxoaren 7an, EHUko Medikuntza Fakultatean zegoen Aginagalde, azterketa bat egiten, eta ondoren Hernanira joan zen bazkaltzera lagun batekin. Bere lagunak berretsi egin zuen deklarazioa. Auzitegi Nazionalak ontzat eman zituen bi lekukotzak, eta errugabetu egin du Aginagalde. Zaintza eraginkorrerako eskubidea urratu zela argudiatuta aurkeztu zuten helegitea fiskalak eta familiak.

Bigarren epaiketan, fiskalak 32 urteko espetxe zigorra eskatuko du Aginagalderentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.