Tolosaldeko eta Urola Kostako mankomunitateek —bietan EH Bildu da nagusi— jarritako helegitea atzera bota eta Zubietako errauste plantaren lehen proiektuaren kontratua eten izana ez zela legezkoa izan ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak ere. Ebazpenaren arabera, GHKren benetako asmoa (EH Bilduk agintzen zuen orduan) errauste plantaren proiektua gelditzea zen, eta ez neurriz aldatzea bakarrik. Hortaz, helegitea jarri zutenen argudioak atzera bota ditu.
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak adierazi du "ordua heldu" dela kontuak eskatzeko EH Bilduri egindako hondakin kudeaketa "negargarriagatik". Izan ere, aurreko errauste planta geratu izanak "40 milioi euroko kaltea" ekarri die gipuzkoarrei, Asensioren esanetan. Jakinarazi duenez, GHKren batzarrera eramango du auzitegiaren ebazpena eta proposatuko du ekinbideak martxan jartzea EH Bilduren aurreko agintariei "ardurak" eskatzeko.
EH Bilduk iragarri du beste helegite bat jarriko duela Espainiako Auzitegi Gorenean. Aurreko legegintzaldian hartutako erabakiak berretsi ditu eta ohar baten bidez esan du "aurreikusitako azpiegitura gaindimensionatuta zegoela, diru publikoaren zarrastelkeria suposatzen zuela eta hura eraikitzeko kontratua bertan behera geratu zela GHK eta enpresen arteko akordio baten bitartez". Argudiatu du interes publikoagatik eta adostasunez hartu zela kontratua eteteko erabakia. "Interes publiko hori, gainera, frogatuta geratu da Diputazioak gerora hartutako erabakiekin, hain justu hasierako proiektuaren neurriak txikitu baititu", dio..
Aurreko errauste plantaren kontratua indarrean legoke EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren arabera. Kontua da aurreko errauste plantaren enpresa kudeatzaileak —FCC buru zuena— ez direla orain bigarren proiektua eraikitzen ari diren berak —kasu honetan Urbaser da buru—. Oraingoz ikusteko dago horrek proiektuan eragin dezakeen edo ez.