SOPUERTAKO ESKOLA

Lehen hezkuntza publikoaren alde egin dute Sopuertan

Gose greba mugagabeari ekin diote Sopuertako alkateak eta eskolako bi gurasok.

Sopuertan lehen hezkuntza publikoaren alde eginiko elkarretaratzea. @IKO_STX
2014ko urriaren 4a
09:24
Entzun

Josean Llaguno Sopuertako alkateak eta bi gurasok gaur hasi dute baraualdia, eskatzeko zazpi umeek La Balugako eskolan ikasten jarrai dezaten. Carlos Alonso gurasoak espero du protesta horren bidez lortzea haurrek ikastetxean jarrai dezaten, eta gogorarazi du eraikina berria dela eta hainbat gela erabilerarik gabe dituela.

Elkarretaratze jendetsua egin dute Sopuertan Lehen Hezkuntza publikoa Sopuertan orain leloarekin, baraualdia hasi dutenei nahiz hori eskatzen duten familiei babesa azaldu eta herrian lehen hezkuntzako eskola publiko baten alde egiteko. Llagunok hartu du hitza, eta nabarmendu "gizarte ereduari" buruzkoa dela eztabaida.

Atzo, Eusko Legebiltzarrean izan ziren Sopuertako gurasoak, eta Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkideak La Baluga eskolaren hezkuntza eskaintzaz galdetu zion Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari.

Sopuertan (Bizkaia) ez dago Lehen Hezkuntza publikoko eskaintzarik, eta herriko Haur Hezkuntzako ikastetxe publikoa da La Baluga. Haien gurasoek baztertu egin dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egin dien azken eskaintza; hortaz, San Viator itunpeko ikastetxera —herrian derrigorrezko hezkuntza eskaintzen duen bakarrera— joateari uko egin diotenez, seme-alabak La Balugara eraman zituzten. Hortik, ordea, kaleratu egin zituzten herenegun.

Legebiltzarrean, gurasoek Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten Bilboko Gotzaindegiarekin negozia dezan. Hori egin ezean gose grebarekin jarraituko dutela ohartarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.