Hego Euskal Herriko ikastetxeetan ebaluazioei buruzko hitzaldi informatiboak egingo dituztela iragarri du gaur HPT Hezkuntza Plataformen Topaguneak. Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako ikasleei egin nahi dizkieten probak Madrilek "inposatu nahi digun lege arrotz baten bermerako azterketak" direla esan dute, eta horiei "planto" egiteko estrategia diseinatu dutela aurreratu dute. Batzar Orokorra egin dute gaur Gasteizen, eta hor zehaztu dituzte lan hildoak.
Hitzaldiak egiteaz gain, familia "objektoreak" bilatu nahi dituzte, "ikasleek azterketa hau egin dezaten baimenik emango ez dutenak", eta "herri gisa" Hezkuntza Sistema Propioaren alde urratsak egieko deia egin dute. Espainiako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Lehen Hezkuntzan egin nahi dituen probak, "LOMCEren baitako azterketak" direla salatu dute gaur Gasteizen, "ikasleen ebaluazio jarraitua erabat dinamizatzen dutenak".
Hala, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote entzun dezatela iaz eta aurten familiek, hezkuntza komunitateak eta HPTk eskatzen dutena: azterketa hauek ez egitea.
Balorazio positiboa
Iazko azaroaren 28an Hezkuntza Plataformaren Topaguneak deituta egin zuten mobilizazio egunaren "balantze positiboa" egin dute gaurko batzarrean. LOMCEren gaia kalera atera eta agenda poiltiko eta mediatikoan jartzeko "baliagarria" izan zela esan dute. Hezkuntza komunitateak mobilizazio bateratuak egiteko erakutsi zuen "gaitasuna" ere azpimarratu dute.
Iaz Araban, Bizkain eta Gipuzkoan azterketei "planto" egin zieten ikastetxeen kopuruak ere eman ditu gaur plataformak. Eusko Jaurlaritzak azterketa egitea aurreikusita zeukan 30 ikastetxeetatik "soilik" Kristau Eskolei dagozkien hamahiru zentrotan eta eskola publiko bakarrean egin zituzten probak. "Gainontzeko hamalau eskola publikotan eta bi Ikastoletan planto egin zuten". Plataformaren iritziz, iazkoa "lorpen ikaragarria" izan zen.