politika

Lehen hileta Frantzian

Frantziako eta Espainiako gobernuburuak gaur izan dira elkarrekin lehen aldiz Frantziako hileta batean. Jean Serge Nerin agurtu dute, ustez ETAk hil duen polizia. Arantza Quiroga eta Rodolfo Ares ere han izan dira.

2010eko martxoaren 23a
18:14
Entzun
Orain arte ikusi gabeko irudia izan da gaur: Frantziako Gobernuko presidentea -Nicolas Sarkozy- eta Espainiakoa -Jose Luis Rodriguez Zapatero- Frantzian elkarrekin polizia baten hiletan. Jean Serge Nerin agurtu dute Melun-en, ustez ETAk hil duen polizia. Lehengo astean Dammarie les Lysko tiroketan Nerin ETAk hil zuela baieztatzen bada, erakunde armatuak Frantziako Poliziako kide bat hil duen aurreneko aldia izango da.

Bi gobernuetako Barne ministroak ere izan dira hiletan: Brice Hortefeux Frantziakoa eta Alfredo Perez Rubalcaba Espainiakoa. Michele Alliot Marie Frantziako Justizia ministroa ere han zen. Baita Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua ere.

"ETAren kontrako gure mobilizazioa erabatekoa da", esan du Sarkozyk. "Banan-banan bilatuko ditugu ETAk Frantzian dituen babeslekuak".

52 urte zituen Nerinek eta lau seme-alaben aita zen. 1979an sartu zen Frantziako Polizian. Guayana Frantsesean emango diote lur poliziari, jaiotzez hangoa baitzen.

Ustezko etakideekin tiroketa izandakoan, Michael Ouette, Damien Boudesocque eta Marie Steimetz ere Nerinekin ziren, eta Sarkozyk hirurak omendu ditu gaur.

2007ko abenduaren 1ean ETAk bi guardia zibil hil zituen Frantzian tiroz, Capbretonen: Raul Centeno eta Fernando Trapero. "Enfrentamendu armatua" izan zen, ETAren arabera.

ETAk iazko uztailaren 30ean egin zituen aurreko hilketak Calvian, (Mallorca, Herrialde Katalanak): Carlos Saenz de Tejada Garcia eta Diego Salva Lezaun guardia zibilak hil zituen, haien auto azpian jarritako bonba lehertuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.