Ostegunean Andoainen Korrika hasteko irrikan zegoen Kontxita Beitia (Pasaia, 1940). Familiako lau belaunaldi elkartu ziren parte hartzera. “Zerbait berezia du, sakona”, zioen, pozarren. Euskararen aldeko borrokak poz handiak eta une gogorrak ekarri dizkio andereño historiko nekaezin honi. Bultza eta bultza jarraitzen du.
Gerra garaian zure gurasoek ihesean ibili behar izan zuten. Zer kontatzen zizuten gero garai hartaz?
Gauza asko. Ordizian bizi ziren, abertzaleak ziren. Goierrin egoera gaizki jartzen ari zen, eta Zumaiara ihes egin zuten. Garai hartako alkateak bota egin zituen herritik, bai abertzaleak bai ihes eginda iritsitako guztiak, eta Bergarara joan ziren. Gurasoek bazuten seme bat, eta ama umearekin paseatzen zebilela, umea hil egin zen bonbardaketa batean. Ondoren, burumakur, dena galduta eta semerik gabe, pentsa zer tristura, Ordiziara itzuli ziren. Beste seme bat izan zuten, baina gaixotasun bategatik hil zen. Bizimodua aldatu nahian, Pasaiara etorri ziren, eta hantxe jaio nintzen ni.
Gerra ez zenuen ezagutu, baina gerraostea bai. Nolakoa zen giroa?
Pasaia oso pobre geratu zen gerra ondoren, ikaragarri. Abertzale asko eta, batez ere, errepublikano asko zegoen; askok alde egin behar izan zuten, asko geratu ziren lanik gabe, ezer gabe… Etxeak ere bahitu zizkieten. Gure etxean ere ez zegoen gauza handirik, denok berdintsu ginen. Asko sufritu zuen herria izan zen.
Zer oroitzapen dituzu eskolaz?
Pasaiakoak, onak. Gure etxe aurrean bazen kolegio bat, mojena, eta hara bidali ninduten, lau urterekin. Orduan, euskaraz besterik ez nekien, baina ez zidaten inoiz burla edo gogor egin erdaraz egiteko. Hamar urtera arte izan nintzen han. Gurasoek pentsatzen zuten batxilergoa egin behar nuela, gero irakasletza edo halako zerbait egiteko, zeren emakumeok ez genuen aukera handirik, erizaintza edo irakasletza edo…
Hori, ikasten zuten emakumeek, hori ez baitzen ohikoena izango…
Ez, Pasaian batxilergoa ikasten genuen neskak une hartan izango ginen dozena erdi bat. Baina nire gurasoek oso garbi zuten. Han ez zegoenez egiterik, Donostiara etorri nintzen, teresarretara, eta han euskaldunen eta batez ere abertzaletasunaren aurkako izugarrizko gorrotoa zuten. Asko sufritu nuen han, asko hitz egiten baitziguten Francori eta haren mirariei buruz, baina etxean kontrakoa entzuten nuen, eta nork zuen arrazoi? Nire baitan borroka bat sumatu nuen, gero indartsuago egin ninduena. Berehala asmatu nuen nork zuen arrazoi [barrez]; gurasoak ez nituen saldu! Baina mojek bazuten eragina, eta oso gaizki pasatu nuen. Gero, laugarren maila eta errebalida eginda, irakasletza egiteko gai ginen.
Nonbait, irakasle izateko zure patua Agirre lehendakariak markatu zuela esan izan duzu. Nolatan?
Bitxia da, baina nik uste izan zuela garrantzia nire bizitzan. Osaba bat, aitaren anaia, Ordiziatik alde egin eta Parisera joan zen, eta Jose Antonio Agirreren lagun mina izan zen. 1950ean erizain irlandar bat ezagutu, maitemindu, eta ezkontzera Donibane Lohizunera etorri ziren. Agirre ere etorri zen, eta bazkaltzeko garaian haren parean esertzea tokatu zitzaidan. Hamar urte nituen, eta ez dakizu nola tratatu ninduen! Heldua banintz bezala. Nirekin hizketan hasi zen; nik euskara erdi galduta neukan, eta esan zidan: “Dakizun euskara ez ahaztu, eta ahal baduzu, zabaldu”. Gaur izango balitz bezala gogoratzen ditut hitz horiek! Gerora mamitu nituen. Horregatik diot nire bizitzaren kartak botata zeuzkala.
Irakasletza ikastera joan zinen, baina orduan ez zenuen usteko eskolak euskaraz emango zenituela, ez?
Ez, ez. Gainera, orduan euskara ia zeharo galdua nuen, teresarretako gogorkeria hura zela eta. Irakasle Eskolan izan ginenak gerora konturatu gara ia denak ginela euskaldunak, baina han pasatutako hiru urteetan ez genuen jakin, ez genuen euskaraz egiten.
Han eskolak bukatu, eta berehala ezagutu zenuen Elbira Zipitria.
Bai. Pasaian bazen familia bat, eta alaba zaharrena egunero ekartzen zuten Elbirak Fermin Calbetonen bere etxean zuen ikastolara. Aitaren lagunak ziren, eta esan zioten ea zergatik ez nuen ikastola bat jartzen Pasaian. Aitak zioen irakasletza bukatuta lehenik euskara berreskuratu behar nuela, eta Elbirak pentsatu zuen egokia izango zela ni hara joatea, euskara ikastera. Izugarrizko ongietorria egin zidan, ikastolak Donostian bakarrik zeudela eta Pasaian jartzea ederra izango zela… Esan zidan bi urte pasatu behar nituela berarekin euskara ikasten. Astean hirutan joaten nintzen.
Euskaraz gain, beste gauza asko ere erakutsiko zizkizun…
Dena. Gogoratzen naiz lehen egunean liburu bat eman zidala, Landibar, Luis Eleizaldek idatzia, eta esan zidan: “Liburu hau irakurtzen duzunean jarraitzeko gogoa baldin baduzu, ez duzu inongo arazorik izango; orain, gerta daiteke ez ados egotea liburuarekin, eta dena hankaz gora bidaltzea”. Nire abertzaletasuna oso epel zebilen garai hartan, baina irakurri nuen, eta pentsatu nuen gauza guztien gainetik abertzale izan behar nuela ordutik aurrera. Euskara ikasketak karrera baten pare hartu nituen. Urte osoa pasatu nuen horrela, eta bigarren urtean Elbirak esan zidan berdin jarraituko genuela, baina etorri behar nuela ikastolara praktikak egitera. Egun osoa pasatzen nuen Elbirarekin, eta bi urteren buruan gai izan nintzen ikastola jartzeko.
Nolako emakumea zen Elbira? Bazuen zorrotz fama…
Bai, oso zorrotza zen, aurrena bere buruarekiko, eta gero exijentzia maila bat jartzen zigun denoi. Zorroztasuna esango dut, ez zorrozkeria. Halere, oso harreman berezia izan genuen; nik askotan sumatu nion goxotasun bat nirekiko, beharbada beste batzuek ezagutu ez ziotena. Eta eman zigun jakinduria, pedagogia, kultura, nire kasuan hizkuntza… asko irakatsi zidan, eta pentsatzen dut naizen guztia berari zor diodala.
Pedagogia hura oso berritzailea zen. Hura aplikatu zenuen Pasaian?
Bai, zehatz-mehatz! Lehen urtean bost ikasle izan nituen, nire gelan; gauez han egiten nuen lo, eta egunez txukundu eta han egoten ziren, lurrean eserita, eta han jarraitu zuten bost urtez. Gero, ezkondu, eta Donostiara etorri nintzen, eta hemen gauza bera egitea pentsatu nuen. Hura izan zen Zurriola ikastolaren hastapena.
Nola egiten zenuen harremana Donostian gurasoekin?
Katalunia plazara joaten nintzen nire umeekin, eta norbait entzuten banuen haurrei euskaraz egiten, han esertzen nintzen, eta azaltzen nion nola proiektu batean genbiltzan, agian gustatuko litzaiokeela, hasieran nire etxean izango zela, baina denbora gutxira leku egokia izango genuela… Ez dakit nola, baina konbentzitzen genituen! [barrez] Elkartzen ziren emakume euskaldun haiek denak beren senarrei kontatzen zieten, eta aurrera. Maiatzean iritsi nintzen, eta irailerako zabaldu nuen ikastola, hamar umerekin.
Zuk ama haiei esaten zenienean lokal bat izango zenutela, zu sinetsita zeunden, baina…
Sinistu nahi nuelako! [barrez] Baina nondik hasi? Lehenik, ume haien gurasoekin bildu, eta galdetu nien ea lan egiteko prest zeuden; horrek esan nahi zuen lana, dirua, dedikazio handia, gerora ikusi izan diren gauza guztiak... eta tortillak egitea, milioika [barrez]. Elbirarekin egon ziren gurasoengana ere jo nuen. Eta egun batez, 67an zen hura, bilera erraldoi bat egin genuen. Bitxia da, baina nik paktu guztiak emakumeekin egiten nituen arren, han azaldu zirenak denak gizonak ziren. Nire asmoa azaldu nien, eta bilera luze hartatik batzorde bat atera zen, Zurriola martxan jarri zuena 68an, Ramon Maria Lili kaleko 8.ean. Lokal handia zen, eta ezer ez zegoen arren, egokia iruditu zitzaigun. Guraso denak ados agertu ziren. Eta hamar ume izatetik, bigarren urtean jada 60 ziren.
Gurasoen babesa aipatzen duzu, haien inplikazioa…
Bai, gurasorik gabe zer egingo genuen ba! Lehenengo gauza, umeak uzten zizkiguten, pentsa zer gauza handia! Horiek intsumiso ikaragarriak ziren, ikaragarriak! Legez kanpoko eskola batera ekartzen zizkiguten, legez kanpo zegoen hizkuntza batean… badakizu horrek zer inplikazio eskatzen duen? Gaur oso zaila izango zen hainbeste jende topatzea. Bat igeltseroa bazen, hark lokal hartan egiten zuen dena, bestea arotza bazen, aulkiak eta mahaiak…
Inspektoreekin estutasunen bat baino gehiago pasatuko zenuten...
Tira, inspektore hura ere neureganatu nuen [barrez]. Irekitzear ginela, inspektore haren bidez jakin genuen inspektore nagusia Oltra Molto gobernadore zibilarekin bilduta zegoela, eta dekretu bidez gau hartan itxi nahi zituela ikastola guztiak. Baina zer gertatzen zen? 68rako sarea zabalduta zegoela, eta konturatu zirenerako jada ez zuela erremediorik. Zer jarriko ziren, herri osoaren aurka? Ezin zuten itxi; beraz, hasi ziren exijentziekin; leihoak gela guztietan, jolastokia… Inspektore hari esan nion ostegunetan gaztelura joaten ginela, Urgullera, eta hark esaten zidan, “jolastokia bi kilometrora? Hori ezin diot nik inori azaldu!”. Eta nik, “tira, apur bat apain dezakezu…” [barrez]. Horrelako negoziazioetan ari ginela etorri zen baimena, bi gelatarako bakarrik, baina baimen bat, sekula santan izan ez genuena. Inspektoreak esan zidan apustu handia egin zuela gure alde, baina ezin genezakeela horrela jarraitu, derrigor aldaketa bat egin behar genuela. Orduan hasi ginen Villa Sacramenton eta gero Indianoenean. Orain hor ari dira, jo eta ke.
Poliziarekin izan zenuen arazorik ikastola etxean zenuenean?
Behin Pasaian jende batek abisatu zidan hiru egunez-edo etxean eskolarik ez emateko. Orduan, ume baten etxera joan, eta hantxe eman nuen. Baina bestela, ez.
Beldurrik pasatu al zenuen inoiz?
Beldurra? Izugarria! Inpresioa daukat guk hau beti kontatu izan dugula gauza goxo bat balitz bezala, nik segur aski ere bai, baina ez zen goxoa, oso gogorra izan zen. Bakardade handia genuen andereñoek, baina gurasoekin harreman estua ere bai; hiruki bat osatzen genuen andereñoak, umeak eta gurasoek; bat ginen, baina hasiera gogorra izan zen. Esango nuke intsumisio handia izan zela. Intsumisioa beti lotzen dugu soldaduskarekin, baina gerora jabetu naiz ordukoa ere horixe izan zela.
Bakardadea bai, baina bultzatzen zuen giro bat ere bazegoen…
Bai, horixe izan zen indarkeriarik ezaren aktibismoa, argi eta garbi. Goxotasuna umeekin bai, baina gugan ez zegoen; gogorra izan zen. Ilusioa bazegoen, gaztetasuna ere bai, eta bi osagai horiek aurrera egiten lagundu ziguten. Beldurrak ez gintuen geldiarazi. Beldur handiagoak pasako zituzten segur aski nire gurasoek.
Eta hala ere haiek animatu zintuzten ikastola zabaltzera.
Noski, haiek ere oso abertzaleak ziren. Borroka bat zen, eta hor abertzaletasuna zegoen, argi eta garbi; batzuek era batean, beste batzuek beste batean, baina hor zerbait baldin bazegoen, abertzaletasuna zen. Bestela zer eskaintzen genuen ba? Andereñoak aurkitzeko ere… Andereñoen Erresidentziak garrantzi handia izan zuen horretan. Baina gogoratzen naiz behin joan ginela andereño batengana, bulego batean lanean ari zena; oso ongi zegoen, Gizarte Segurantza ordainduta. Esan genion bere beharra genuela, eta zer eskaintzen genion? Ezer ez. Eta hark ez zuen bitan pentsatu, e? Beste gauza bat ere esan behar dut: denok emakumeak ginela.
Auzolanean sortu zenituzten ikastolak. Garaiak aldatuta, hori ere maila batean aldatu egin al da?
Maila batean bai, ikastolak sendotuta baitaude; auzolan hori ez da berdina, lehen hutsetik hasi behar baitzen, eta orain ez. Hala ere, Kilometroak-eta antolatzeko jendea lanean jartzean hori da eredua, hori nonbaitetik dator, jada ikastolaren geneetan sartuta dago. Barruak eskatzen digu.
Urte asko pasa eta gero aitortu zitzaizuen orduko ahalegina, hainbat sariren bidez. Hainbeste urteren ostean, behar zenuten aitorpen hori?
Karmele Esnalek behin esandako zerbait hartuko nuke: guri gurasoek eman ziguten errekonozimendua, umeak gure esku utzita; errekonozimendu hori baino handiagorik ez dago. Baina beste aitortza ofizialak ez dira gaizki etortzen, poza ematen dute. Hala ere, zenbat jendek eta taldek ez ote zuten laguntzen herrietan ikastola bat martxan jartzen... Gurasoekin batera herritarrek, herriak bultzatu zituzten. Sariekin oso eskertuta gaude, baina jende horren guztiaren artean banatzen ditugu moralki.
Beste aitorpen bat lortzeko gogor borrokatu behar izan duzue; ezkutuan lan egindako urteen kotizazioak aitortu eta pentsio duina lortzeko. Bidea oso luzea izan da...
Hamabost urteko borroka izan da: Hasieran, zazpi-zortzi urte pasa genituen alferrik; talde politikoetako ordezkariekin hitz egin genuen, baina gero haiek ez zuten zabaltzen beren taldeetan. Guztiekin egin zitzaigun ikaragarri zaila. Madrilen indarra zuen talde euskalduna EAJ zenez, harengana jo genuen azkenean, eta Gemma Gonzalez Txabarriren esku utzi zuten gaia. Harekin egin genuen bide guztia, baita Jose Ignacio Pelaez abokatuarekin ere, oso egokia zen beste pertsona bat. Latza izan da, eta lortutakoan poza ere tamainakoa, batez ere ikusita zenbat jenderi ahalbidetu dion erretiro duin bat. Andereñoek ere egin ziguten omenaldia, eta hori da gehien eskertu duguna.
Gizarteko beste arazo batzuengatik ere agertu izan duzue kezka andereñoek. Iaz iritzi artikulu bat idatzi zenuten Euskal Herriko egungo “egoera itxaropentsuan” pausoak emateko deia eginez. Urtebetera, itxaropenari eusten diozu?
Ba... batzuetan bai eta beste batzuetan ez, momentuak ditut...
Bateragune auziaren aurkako manifestazioaren amaieran mintzatu zinen, eta “erretiratua, baina garai batean heldutako sokari amaierarik ikusten ez diona” esanez aurkeztu zintuzten. Soka horri ikusten al diozu amaierarik?
Nik? Bizi naizen bitartean ez. Nire tamainan, saiatzen naiz manifestazioetara joaten... Beharra ikusten dut, lehen bezala. Euskararekin baikorra naiz, baina beste gauza askorekin oraindik... Nik ezin dezaket onartu presoak une honetan dauden egoeran egotea, ez da bidezkoa, oso gogorra da, eta kezkatuta nago, ez baitut ikusten mugimendu gogorrik presoen alde. Bi helburu ditut orain: bata, euskara, eta hori uste dut nahiko bideratuta dagoela; eta bestea, presoak. Badakit zaila dela, baina gauza zailak heldu behar dira, errazak badoaz-eta aurrera.
Hezkuntzari buruzko kezka ere izango duzu. Salaketa ugari eragin du orain mahai gainean dagoen hezkuntza erreformak. Zer deritzozu?
Begira, guk orain 60 urte gure programa propioa eta egutegi propioa genituen. Dena debekatua genuenean hori baldin bagenuen, orain hori besterik ez genuen falta, erreforma Madrildik etortzea… mesedez! Horrek ez du aurrera egingo. Badakigu dirua dutenek dutela boterea, eta murrizketak bortitzak baldin badira, beste modu batzuetan asmatu beharko da. Asmatu zen, asmatu genuen… tortillak eginez, milioika!
Berriro tortillak egitera?
Tristea izango da, baina beharbada hori nahi dugunok, lehengo eran, beste lan batzuk egin beharko ditugu berriz ere. Egingo dugu.