Emakumeen kontrako indarkeria

Lehen ikerketen arabera, Zarautzen hildako haurraren gorpuak ez du indarkeria zantzurik

Autopsiaren arabera urte eta erdiko neskatoa itota hil zela agertu du Rafael Iturriaga Jaurlaritzako Segurtasun zuzendariak. Aitak atxilotuta jarraitzen du, homizidioa egotzita. Bi elkarretaratze egin dira eguerdian Zarautzen heriotza salatzeko: Bilgune Feministak antolatutakoa eta Udalak deitua.

2010eko urriaren 9a
13:21
Entzun
Herenegun goizean Zarautzen (Gipuzkoa) hilotz aurkitu zuten urte eta erdiko neskatoaren gorpuak ez zuela indarkeria zantzurik eta itota hil zela agertu dute lehen ikerketek. Hala jakinarazi du gaur Rafael Iturriaga Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak, Zarautzen, Udalak antolatutako elkarretaratzearen ondoren.

Nolanahi ere, umearen aitak atxilotuta jarraitzen du Zarauzko Ertzaintzaren polizia etxean, Azpeitiko epaitegira eramateko zain. Homizidioa egozten diote 41 urteko gizonezkoari, baina zehaztu gabe axolagabekeriagatik leporatzen dioten edo haurra nahita hil zuen.

Gainerakoan, umearen aitak atxilotuta jarraitzen du Zarauzko Ertzaintzaren polizia etxean, Azpeitiko epaitegiaren esku uzteko zain.

Umearen hilotza agertu eta lasterrera atxilotu zuten gizona, gertakari honen aitzinetik hura bilatzeko agindua zuelako neskatoaren amaren aurkako indarkeria auziengatik.

Gaur eguerdian bi elkarretaratze egin dira Zarautzen heriotza salatzeko: lehena hamabietan Lege Zaharraren enparantzan Bilgune Feministak antolatuta. Bigarrena, ordu erdi beranduago, udaletxe atarian, Udalak deituta. Bilgune Feministak uztailean aitak alaba bahitu zuenean ere egin zuen elkarretaratzea, eta gaur ere, emakumeen kontrako indarkeriaren testuinguruan kokatu nahi izan du gertatutakoa.

Bestalde, neskatoari atzo eman zioten lurra Zarauzko hilerrian. Ama bertan izan zen, lur jota, eta Gipuzkoako Diputazioko eta Zarauzko Udaleko teknikarien laguntza jaso zuen.

Neskatoaren hilotza herenegun aurkitu zuten Zarauzko moilatik gertu, 09:00etan. 05:20 inguruan, aitak Ertzaintzari hots egin zion, umearen desagertzearen berri emateko. Ertzaintzak goizean bertan atxilotu zuen gizonezkoa, Bilboko epaitegi batek iheslaritzat jo baitzuen irailaren 28an. Herrizaingo Sailaren arabera, gizonezkoak ertzainei kontatu zien alabarekin batera bizi ziren txabola atarian lo zegoela, eta esnatzean ohartu zela umea falta zela.

Gizonezkoak aurrekariak zituen, bikotekide ohiari tratu txarrak emateagatik eta alaba bahitzeagatik. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuen ama bi aldiz artatu zuela «genero indarkeria arazoengatik» baina ez zuela inoiz «antzeman» seme-alabak «egoera babesgabean» zituenik.

Uztailaren 17an, umearekin alde egin zuen gizonezkoak, baina hurrengo egunean Galdakaon (Bizkaia) atxilotu zuten udaltzainek. Aita bilatzeko agindua joan den abuztutik zegoen indarrean, epaiketa batera agertu ez zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.